Honetarako herritar askok utzitako diapositiba eta argazkiz baliatu ziren, baita liburuetan aurkitutako testu batzuez ere. Zahagi-dantzaren protagonistak zertan ibiltzen ziren ikusi eta zomorroen janzkeraren bilakaeraz eta galdutako ohiturez hitz egin zen.
Garai batean puxka biltzea oinez egiten zen eta urrutitik somatzen zen zomorroen etorreraren korneta hotsa. ilusioz itxaroten zen. Gaur egun ere halaxe izaten da, nahiz eta kotxez egiten den puxka biltzea, hau ere azken urteetako beharrei egokitu beharrez. 1984. urtean argitaratutako Joan Garmendia Larrañagaren “Carnaval en Navarra” liburuan zioen, adibidez, garai batean alkandora beltza, zapi eta txapela gorriak eramaten zirela. Bertaratutakoek, berriz, duela urte batzuk alkandora txuria eta koloredun zintak berreskuratzeko ahalegina egin zela zioten. Hau dantzarien janzkera izan ohi zen eta gainontzeko zomorroak kolorez betetako arroparekin ateratzen ziren, baita mozorrotuta ere. Atzendutako ohituren artean burrutziaren figura ere agertu zen.