Nafarroako Parlamentuko ordezkariek Goizuetako ospitale zaharra bisitatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 6a, 09:45
Nafarroako Parlamentuko ordezkariak proiektua ezagutu ahal izan zuten otsailaren 5eko bisitan.

Udalak eraikina zaharberritu eta sei etxebizitza egokitu eta gizarte helburuak dituen lokal bat egin nahi dutenez, proiektua ezagutzera joan dira otsailaren 5ean.

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Batzordeko kideek Goizuetako ospitale zaharra bisitatu zuten atzo, otsailaren 5ean, EH Bilduk eskatuta.

Bisitaren helburua «Udalaren jabetzakoa den ospitale zaharra izenez ezagutzen den eraikina birgaitzeko proiektua ezagutzea» izan da. Proiektu horren bidez Goizuetako bizitanleen «premiazko beharrak» ase nahi dituzte.

 

Berreraikitze-proiektua

1898an Florencio Ansoleagak dohaintzan eman zuen eraikina, «Goizuetako behartsuak eta gaixoak artatzeko», eta funtzio hori 80ko hamarkadara arte bete zuen, Asilo San Miguel patronatuak kudeatuta. 2009an Udalaren jabetzakoa izatera pasatu zen, eta 2011n berreraikitze proiektu bat egiteko diru laguntza eman bazen ere, krisi ekonomikoaren ondoren kendu egin zuten laguntza hori.

Unai Mirandak azaldu zuenez, proiektua eraikina birgaitzea eta etxebizitza egokituak eta alokairu sozialekoak eraikitzea da, baita adineko pertsonei estaldura soziala emateko zuzkidura-lokal bat egitea ere. Argitu zuenez, udalak «eraikinaren espiritua mantendu nahi du, beti gizarte lana egin izan duelako».

Alde batetik, «Goizuetan etxebizitzarekin dagoen arazoari amaiera ematea, eta, horrela, despopulazioari galga jartzea» bilatzen da, eta, bestetik, «Estaldura soziala ematea eta adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, haien beharretara egokitutako etxebizitza batekin eta autonomia sustatzeko zerbitzuak eskaintzeko lokal batekin».

Udalerriaren isolamendu geografikoak eta garraio publikorik ezak eragiten duen «arazoan» eragin ondotik, Junkal Otxotorenak zehaztu zuen proiektu horrekin «beharrezkoak ez diren barneratzeak saihestu» daitezkeela; izan ere, «Adineko pertsonek, eguneko zentroa bezalako prestazioak bermatuta izan arren, ez dute garraioa bermatuta, eta horrek, askotan, beren etxeak utzi behar izatea dakar».

Finantziaketa «arazo»

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Eh Bilduko bozeramaileek, azalpenak eskertu eta informazioa bildu ostean, bat egin zuten «proiektuaren komenigarritasunean».

Patxi Perezek (Navarra Suma) zehaztu zuen eraikinak birgaitzea «Nafarroako iparraldeko eremuaren behar orokorra» dela, «Baina kasu honek badu berezitasuna: gainerakoetatik oso urrun dago». Hori dela eta, «herritar guztiei zerbitzuak bermatu ahal izateko apustu bat beharrezkoa» dela adierazi zien.

Arantza Biurrunek (PSN) azpimarratu duenez, gaur egun «etxebizitza eredu berrien aldeko apustua egiten ari dira, eta proiektu hau hor koka daiteke; gainera, beharrei eta eskubide sozialei buruz hitz egiten ari gara, eta hori da ekimen hau bideratzeko hartu beharreko bidea».

Ana Ansak (Geroa Bai) «informazio guztia sailburuari eta dagokion sailari» helarazteko konpromisoa agertu du, eta «Nasuvinsa lantzen ari den etxebizitza sozialeko proiektuetan lekua duen proiektua» dela adierazi du.

Laura Aznalek (EH Bildu) defendatu duenez, «Despopulazioa dugu erronka handienetako bat», eta proiektu honek aurrera egin behar du, «Hornidura eta eskaria daudelako. Arazoa finantzaketa da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun