Kuadrilla polita bildu da Areson Santa Ageda bezperan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 16:00

Pasa den urtean bezalaxe, zapiak lepoan, makilak eskuetan eta kopla zaharrak mingainean izan zituzten aresoarrek otsailaren 4an. Aresoko Guraso Elkarteko kideek pasa den urtean berreskuratu zuten galdua zen ohitura. Akordeoilariek lagunduta, giro ederrean aurten ere berritu dutena.

Ahaztutako koplak batzuentzat, sekula aditzekoak edo egundaino ikasi gabeak besteentzat. Berrogei urte baino gehiago zeramatzaten Areson Santa Ageda bezperan kantuan atera gabe, pasa den urtean Guraso Elkartekoek ohitura berreskuratzea erabaki zutenean: «polita izan zitekeela pentsatu genuen eta herritar guztiei egin genien gonbidapena». Aurten, pasa den urtean baino jende gehiago biltzea lortu zuten eta bi akordeoilarik lagunduta, 18:30etatik 20:00ak aldera arte kantuan ibili ziren. Gero, denek elkarrekin afaldu zuten Pake Toki Elkartean.

Ohitura galdua bazegoen ere, hainbat gurasok etxekoei entzunak zizkieten Santa Ageda bezperan eskean ateratzen zireneko kontuak: «Zubidin elkartzen omen ziren arratsaldekoa egiteko, gero elizara joan ezkila jo eta bi taldetan banatuta baserri guztietara egiten zuten bisita. Baserrietako buelta bukatutakoan, berriz ere, ezkila jo eta elkarrekin egiten zuten herriko etxeetako eskea. Bukatutakoan bokadiloa afaltzen omen zuten elkarrekin». Beraz, kanturako ohitura ez da izan berreskuratu duten bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun