Larunbatean ireki dute Euskal Herria Mendi Erronkan izena emateko epea

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 29a, 16:00

Aurten zortzigarren edizioa beteko duen mendi lasterketa ekainaren 6an izanen da

Izen-ematea maiatzaren 16ra arte egonen da zabalik. Parte hartu nahi dutenek  ehmendierronka.eus webgune berrituaren bidez edo rocksport plataformaren bidez egin ahalko dute izen-ematea. Iaz bezala, bi modalitate izanen ditu lasterketak: bakarkako lasterketa 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibel metatua izanen dituen traila eta errelebo-lasterketa.

Iaz eskaini zuten estreinakoz lasterketa erreleboka egiteko aukera emakumeen parte-hartzea sustatzeko asmoz. Euskal Herria Mendi Erronka lasterketaren ibilbide berdina osatu beharko dute lasterketa, baina bikoteka erreleboetan egin ahal izanen da, bietako batek, gutxienez, emakumea izan behar duelarik. Lehenengo lasterkariak irteera puntutik Putzuzarreko anoagunerainoko zatia eginen du. Putzuzarren erreleboa eman beharko dio bikoteari eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzako helmugaraino geratzen den zatia osatu beharko du.

Tarifak
Apirilaren 4ra arte bakarka izena ematen dutenek 56 euro ordaindu beharko dituzte eta maiatzaren 16ra arte 66 euro. Erreleboka parte hartu nahi dutenek, berriz, 75 euro edo 85 euro. Aurten Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa bukatzen duten guztiek 3 puntu lortuko dituzte Ultra Trail Mont Blanc-en parte hartzeko. ITRArako ere puntuagarria izanen da EHME lasterketa.

Lasterketa baino gehiago
Kirol ekitaldi hutsaz gain, aldarrikapena ere oinarrian daraman lasterketa da. Izan ere, mendi lasterketa eta euskal mendizaletasuna sustatzeaz gain, euskal selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralarko inguruaren garapena (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea), euskararen sustapena, lurraldetasuna edo ingurugiroaren babesean eragitea ere hasieratik antolatzaileek euren buruari jarritako erronka bihurtu ziren. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun