Hilabete bukaera eta hasiera inauteriekin lotuko dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 29a, 07:30
Otsaileko feria antolatu zuten pasa den urteko inauterietan Guraso Elkartekoek.

Herritar guztiei egin diete larunbatean mozorrotu eta karroza desfilean parte hartzeko gonbidapena

Urtarriletik otsailerako saltoa mozorroa soinean dutela egingo dute aresoarrek. Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean ospatuko dituzte inauteriak eta urteroko moduan Lagun Artekoek herri osoa dantzan  jartzeko moduko egitaraua prestatu dute.

Eskolako haurrak, gurasoak eta irakasleak izango dira inauteri giroan sartzen aurrenekoak. 15:00etan haurrek eskolan prestatu duten mozorroa soinean jantzi eta kalejira egingo dute. Gero, merienda izango dute eta 17:30ean musika izango da plazan. 18:00etan Lagun Artekoak herriko eskean aterako dira eta itzulia osatuz, dantzan eta giro ederrean ibiliko dira afalordura arte. Pake Toki elkartean 21:30ean elkartuko dira afaltzeko.

Otsailaren 1ean, larunbatean, baserrietako eskean atera aurretik gosaria izango dute Lagun Artekoek. Indarrak hartu ondotik, koloretako blusak soinean dituztela baserrietako erronda hasiko dute.  Aspaldiko ezagunak izango dituzte bidelagun, aurten ere Antton eta Beloki trikitilariak gonbidatu dituzte eguna girotzeko. Arratsaldera arte ibiliko dira  eskean eta 17:30ean karroza desfilearekin bat egingo dute. Guraso Elkartekoek ere giroan sartzeko bazkaria egitekoa dute aurten. Haurrak, helduak eta gazteak elkartuko dira desfilean. Herritar guztiak animatu eta karroza egitera gonbidatu dituzte: «urtero Lagun Artekoek eta Guraso Elkartekoek egiten dituztenez gain, ea norbaitek ezustekoa eman eta  karroza egiten duen». Gero, musika izango da plazan eta 21:00etan herri afaria. Sarrerakoak, zopa, oilasko errea patatekin, gazta eta iragasarra, kafea, pastak eta kopa izango dituzte afaritarako. Inauteriak borobiltzeko afalondoan mozorro lehiaketa egingo dute eta mozorrorik xelebre edo ikusgarriena daramatenek saria izango dute. Gero, trikitilariek saioa izango dute eta hauek bukatzean musika eta festa izango da. Nahi duenak goizaldera arte luzatu ahal izango du festa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun