Oinatz Bengoetxea Binakako Txapelketako ostiraleko partidatik kanpo utzi du enpresak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 15:00
Oinatz Bengoetxea. Argazkia: Navarra.com

Baiko Pilotak «kirol arrazoiak» argudiatu ditu aurrelari leitzarra Hendaian jokatzekoa zuen partidatik kanpo uzteko. Binakako Txapelketako 10.jardunaldian, Mariezkurrenarekin bikote osatuta, Artola eta Imazen aurka aritu behar zuen. Victor Esteban errioxarra ariko da bere ordez.

«Eska dakiokeen kirol maila» erakusten ez badu pilotari bat ordezkatzeko eskubidea du enpresak. 2013az geroztik, Enpresen Ligak Binakako Txapelketako araudian jasoa duen neurria da. Horretan oinarritu dira Baiko Enpresako arduradunak ordezkapena egiteko eta zehaztu dute ostiraleko partidaren ondotik erabakiko dutela, «ordezkapena behin betiko izanen den ala ez». «Emaitzetan» oinarritu du enpresak Leitzako aurrelaria baztertzeko erabakia: «Jon Mariezkurrenarekin jokatutako bederatzi partidetatik bakarra irabazi du Oinatz Bengoetxeak». Victorri jokatzeko aukera emanda, «orain arteko emaitzak irauli» nahi dituztela ere gaineratu dute.

Hala, duela bi urte bere aurka egin zuen neurriak irekiko dizkio ateak Victorri. Errioxako aurrelaria titularra izan zen 2018ko Binakako Txapelketan, baina bost partida galdu ondotik, Asegarceko zuzendaritzako kideek, gaur egungo Baiko Pilotakoek, justifikazio berbera erabilita ordezkatu egin zuten.

Erabakiak kezka eta amorrua eragin du Hendaian

Leitzako pilotariari bakarrik ez, ostiraleko partida antolatu duen Endaiarrak klubari ere eragin dio neurriak. GARA egunkariari Mikel Larraldek, Endaiarrak klubeko lehendakariak, azaldu dio berria jakiterako 500 bat sarrera salduta zituztela, atzo beste 200 inguru saltzeko itxaropena zutela, «baina jasotako telefono dei ia guztiak, haserre, bihar frontoira joanen ez diren zaleenak izan dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun