Hitz madarikatua

Euskarak hitz eder eta poetiko aunitz baditu: il-argia, harr-emana, maite-mindu, etxeko-andrea. Badira beste hitz batzuk, naiz eta poetikoak izan, zailtasun gehiagorekin esaten direnak. Adibidez, heri-otza hitza entzun eta, odola bat-batean hozten zaigu. Min-bizi hitzak, berriz, gure bizitza goitik-behera astintzen du.

Minbiziaren kasuan, posible denean, beste hitz batzuk erabiltzen ditugu: bultoa, gaixotasun luzea… Posible ez denean eta minbizi hitza erabili behar dugunean, berriz, gure ahotsaren tonua jaitsi egiten dugu, zurrumurru bat bezala, ozen esan eta errealitatea baieztatuko bagenuke bezala. Minbizi hitzaren ondorio kaltegarriak beste hizkuntza eta kulturetan ere aurkitzen dira. Hitzek guk uste baino botere handiagoa dute eta. 
Minbizia denboraren hasieratik existitu izan da. Grezian, orain dela bi mila urte baino lehenago, Hippocrates mediku famatuak minbiziari karkinos (karramarro) deitu zion, tumorea karramarro baten oskola bezain gogorra eta haren zimikoa bezain mingarria delako. Gure arbasoek, Hippocratesen antzera, minbizia deitu zioten, gaixotasun mingarria delako eta berezko bizia duelako. Gure arbasoek, nahiz eta minbiziaren esanahia eta sorburua ez ulertu, minbiziaren ondoreak ederki antzeman zituzten. Mende askotan zehar, medikuek minbiziari aurka egiteko errekurtsorik ez zeukaten, jakinduria eta tresnak murritzak ziren eta. Aurreko mendean, nahiz eta minbiziari buruzko jakinduria nahiko murritza izan, tratamendu mota asko aurkitu ziren, kasu asko sendatuz. Mende honetan, izugarrizko aurrerapenak egin dira, minbizia askoz hobeto ulertzen baitugu, eta tratamendu berri asko sortu dira, sendaketak hobetuz. Hala ere, ia lehenagoko izuarekin esaten dugu minbizi hitza. Eta ez gara konturatzen guk nola erabiltzen dugun minbizi hitzak eragin txarra izan dezakeela gaixoetan. Ez da arraroa gaixoek beldurraz aparte lotsa eta kulpa sentitzea. 

«Hemen ere minbizi hitza normalizatu beharko genuke»

Nik, nire lanean, minbizi hitza (edo ingelesez eta gaztelaniaz cancer) egunero erabiltzen dut, milaka aldiz. Guk minbizia ikertzeko saguak erabiltzen ditugu eta hitzak kontzeptu abstraktuagoa hartzen du. Minbizi hitzak esanahi ezberdina dauka niretzat, nire eguneroko lanaren zati bat baita. Egunero ordu pila bat igarotzen ditut minbiziari buruz pentsatzen, hobeto ulertu eta nola menperatu ikertzen. Zenbat eta gehiago jakin minbiziari buruz errazago izanen da estigmak ahaztea. Estatu Batuetan cancer hitza normalizatua dago, minbizia gero eta hobeto ulertzen dugulako. Hemen ere berdin egin behar genuke, gaixoak eta gaixotasuna ulertu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun