«Herrian eta baserrietan eskean ibiltzeko ohitura ez da inoiz galdu»

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 23a, 14:00

Urteak daramatza Jose Luis Huartek inauterietan txistua joz eskelariekin.

Jose Luis HUARTE AZPIROZ
Leitzako txistularia

Ia 35 urtez Leitzako liburutegian lanean aritu ondotik, erretiroa hartua du Jose Luis Huartek. Bizimodu lasaiagoa daramala dio, bere afizioei eta gerorako utzitako lanei denbora eskainiz:  «irakurtzea, musika entzun eta praktikatzea; etxeko eta etxe inguruko lanak egitea, etxekoekin harremanak zaindu eta azken urteetan bildu ditudan zientoka dokumentu, argazki, artxibo, txukundu eta lantzea» dira orain bere egunerokoaren parte.

Txistu doinu goxoa
Liburutegian egindako lanagatik bezain ezaguna da Jose Luis bere txistutik ateratzen den doinu goxoagatik. Txistulari taldeko kidea da eta urteak daramatza herriko ekitaldi nagusienak girotzen: «normalean bospasei txistulari eta bizpahiru atabal ibiltzen gara, baina egun seinalatuetan dozena bat txistu eta lau atabal baino gehiago bildu izan gara. Gainera, aurten bat gutxiago izanen gara. Beti jotzeko prest zegoen txistularia joan zitzaigun iaz, Jabier Eskubi».
Leitza ez da lo dagoen herria eta ondorioz, agenda bete-betea izaten dute txistulari taldekoek: «Errege bezperan hasten dugu urtea Kabalgata lagunduz. Gero, inauterietan etxez etxeko eskean ibiltzen gara. Herrian larunbatean eta baserrietan astelehenean eta asteartean baita astearteko atsaureen kalejiran ere». Udan izaten dute berriro ere denboraldi indartsua: «San Juan bezperan, pesta aurreko umeen egunean eta pestetan dianak, kalejirak, dantzarien saioak... izaten ditugu». Azaroko azoka dator gero eta Orantzaro egunean eguerdi eta arratsean ere aritzen dira. Dena den, agenda ofizialetik kanpo ere izaten dituzte hitzorduak: «urte guztian zehar dantzariekin herrian eta herritik kanpo ibiltzen gara eta deitzen gaituzten edozein ekitalditarako ere prest egoten gara».

Inauteriak girotuz
Inauterietakoa dute hurrengo hitzordua eta «eskearekin» lotzen ditu zuzenean Jose Luisek, hiru egunez ibiltzen baita eskelariekin batera. Azaldu digu larunbatean ordubietan egiten dutela hitzordua: «herriko alde zaharra, Manuel Lasarte eta Uharte Gotzaina inguru guztia egiten dugu egun horretan». Biharamunean ez dute eskerik izaten, baina astelehenean 09:00etarako izaten dute zita: «Sakulu, Erreka eta Arkiskil zati bateko baserrietara egiten dugu bisita eta asteartean, 09:30ean elkartuta, Erasote auzoan egiten dugu eskea». 

«Arbola doinuak, Frankiko trenak eta txistuarekin jotzen ditugun dozenaka piezek osatzen dute inauterietako giroa» 

Inauterien doinua
Musika izaten da gehienetan festa giroa pizten duen txinparta eta Leitzako inauterietan ere, badira herria guztia dantzan jartzen duten doinuak. Leitzako inauterietan izan den orok aditua izanen du Arbola doinua «kanta horrek bere toki propioa hartua dauka Leitzako inauterietan», baina ez da bakarra, «Arbola doinuak, Frankiko trenak eta txistuarekin jotzen ditugun dozenaka piezek osatzen dute inauterietako giroa». Txaranga, txistu eta bestelako musikarik gabe, inauteriak ez lirateke direna izanen.

Eskean giro berezia
Eskean izaten duten giroaz galdetuta, segidan erantzun digu «oso ona» izaten dela: «larunbatean gazteekin giro ederra sortzen da eta baserrietako eskea, berriz, oso berezia da: egiten diguten harrera, izaten dugun giroa, umorea, kantuak eta dantzak... bikaina da!». Hain juxtu, «herriko eta baserrietako eskea mantendu izana» hori da Jose Luisen ustez Leitzako inauterien berezitasuna, «ez dela inoiz galdu ohitura hori».

«Baserrietako eskea oso berezia da: egiten diguten harrera, izaten dugun giroa, umorea, kantuak eta dantzak... bikaina da!» 

Garai bateko oroitzapenak
Denboran atzera egiteko eskatu eta ume eta gazte garaietako inauterien inguruan ere galdetu diogu. Hainbat oroitzapen ditu gogoan, debekuei iskin egiten zietenak ere bai: «umetan eskea orain bezala egiten zen eta iluntzean plazan dantzaldia txistu eta akordeoiarekin. Atsauretzea galarazia zegoen eta bat-batean oihuak entzuten ziren: atsoak, atsoak! Katalintxoneko eskaileretatik karrapera bi-hiru atso etortzen ziren eskobarekin eta makilekin... haiek lasterrak!». Gaztetan, berriz, astelehenean esketik etorri eta elkarrekin bazkaldu ondoren egoten zen parranda giroa «mundiala» izaten zela ere kontatu digu.

Kaletarragoak
Orain inauteriak «kaletarragoak» iruditzen zaizkio: «pesta giro handiena larunbat gauean izanen da eta igande eguerdiko desfilean, parte-hartzaile asko eta talde oso landuak izaten dira. Ikusle kopurua ere ikaragarria izaten da. Lehen astelehenean eta gero asteartean izaten zen girorik hoberena, orain asteburuan». Ez da aldaketa bakarra izan, lehengo trapu zaharrek erositako edo jositako jantzi apainei egin diete-eta tokia: «atsauretzeko modua asko aldatu da». 
Badira, ordea, garai bateko ohiturak berpizteko ahaleginean ari direnak ere. Hala sortu zen, astearteko atsaure kalejira eta horrekin, bertakoak ziren atsaureak berreskuratzeko egin duten ahalegina txalotu nahi izan du: «saio oso interesgarria egiten ari dira. Bertakoa zen ohitura berreskuratu da eta atsaure oso bereziak agertzen dira. Ea indartzen den!».
Jose Luisek bere aldetik, segiko du inauterien alde bere aletxoa jartzen.  Txistua joz, belarriak goxarazi, oinak dantzan jarri eta festa giroan etxez etxe, baserriz baserri zabaltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun