Areson ere jokatu dituzte Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 20a, 11:45

Hordago eta Mus. Atzo eguerdian Sastinea tabernan gehien errepikatu ziren bi hitzak izan ziren. Euskal Herriko Mus txapelketako partidak jokatu zituzten Pake Toki Elkarteko bi irabazleek Larreako Elkartekoen kontra. Pake Toki Elkarteko Gorka Arraiagok eta Imanol Baraibarrek lortu zuten garaipena eta Larreako Mikel Eraso eta Bautiste Eraso, osaba-ilobak, izan ziren bigarren. Bi bikoteek otsailaren 29an Iruñean jokatuko duten Nafarroako kanporaketarako txartela lortu zuten.

Aresoko hamahiru bikotek parte hartu dute Euskal Herriko Mus Txapelketan. Pake Toki eta Larrea Elkarteetan aurrez jokatuak zituzten kanporaketak, atzoko finaleko parte hartzaileak zehaztuz. Txapelarengatik leihan bi elkarteetako irabazleak aritu ziren. Hirugarren eta laugarren postuak, berriz, elkarte bakoitzeko kanporaketetan bigarren egin zutenek jokatu zituzten. Larreako Nerea Atxukarro eta Xabier Alustiza izan ziren hirugarrenak eta Eden eta Ur Alguero laugarrenak.

Irabazleek txapela, Astiasaran sagardotegian otordua eta ardo botila bana izan zuten saritzat; bigarren egin zutenek, otordua eta ardo botilak; hirugarren bikoteak, Aresoko Alpattenea baserriko txuletak eta ardo botila bana eta laugarren bikoteak Leitzako Gorritz gaztandegiko gazta eta ardo botila bana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun