Sodade eta Kurkuma musika taldeek kontzertua eskainiko dute larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 15a, 14:00
Kurkuma musika taldeko kideak

Eskualdeko musikariak eta musikazaleak elkartuko dira urtarrilaren 18an Torrea tabernan. Leitzako Sodade eta Lozabiango Kurkuma musika taldeek kontzertua eskainiko dute 23:00etatik aurrera. Sarrera 5 euro ordaindu beharko da. 

Sodade musika taldea

2018an sortu zuten Leitzako hiru musikarik Sodade: Gaizka Leizak (gitarra), Julen Ceballosek (baxua) eta Jokin Baucisek (bateria). Konposatu dituzten zazpi abesti kuttunenak aukeratuta diskoa grabatu nahi dute orain. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, kanpaina abiatu dute. Diskoa aurrez erostea proposatu dute, 170 saltzen badituzte estudioko eta diseinuko gastuak ordaintzea lortuko baitute. Torrean, Peritzan eta Maimurren egin daiteke eskaera hamar euroren truke. Informazio gehiagorako idatzi sodadetaldea@gmail.com helbidera.

 

Kurkuma musika taldea

Lozabiango talde bezala aurkezten du bere burua Kurkuma musika taldeak. Ander Perurena Zapa (gitarra) eta Maitane Villabona Tane (baxua) leitzarrek, Unai Urroz Yurrouz (bateria) eta Joseba Juanena Uzz (gitarra) doneztebarrek eta Eneko Rabina Alara (ahotsa) eratsundarrak osatzen dute taldea. Talde berria izan arren, esperientzia handiko musikariak dira denak hainbat musika taldetan ibilitakoak. Aipatu behar da, 2019an Orozko Rock jaialdiak antolatutako lehiaketako irabazleak izan zirela. 2018ko abenduan Jorge Mariñelarenakin grabatu zuten lehenbiziko diskoa. Stoner eta Hard Rock influentziaz bustitako diskoa, energia eta indarrez betea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun