«Finalera sailkatzearekin pozik nago baina ez dut lan ona egiterik izan»

Nerea Bazterrika 2020ko urt. 11a, 11:00
«Bizitza bizitzeko beste modu bat» eman dio aizkorak Jon Rekondori. Argazkia: Rakel Rico

Jon Rekondo Salaberria • Leitzako Aizkolaria

Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuen iaz Jon Rekondok. Aurten, finalera sailkatzeaz gain «iazkoa hobetu eta lan txukuna» egiteko erronka jarri dio bere buruari.

Orain hogei urteko aizkora kolpeen oihartzuna datorkio gogora Jon Rekondori (Leitza, 1984) bere ibilbidearen hasieraz hitz egitean. Orozkoko lehendabiziko saio hartatik, hamaika plazatan eta txapelketatan ibili da leitzarra. Joan den urtean lehenbizikoz, Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatzeko aukera izan zuen, «aizkolariontzat txapelketa inportanteena da hori eta hor parte hartzeko aukera izatearekin pozik nago». Bideak urratzeko gogotsu dago Rekondo, eta aurten «finaletan egindako lana hobetzea» izanen du helburu.

Noiz eta nola hasi zinen aizkoran?

Txikia nintzela, Kristina eta Migeltxo Saralegiren baserrira joaten nintzen, auzo berean bizi ginelako. Kristina Saralegi orduan aizkoran aritzen zen. Egun eta ordu bererako bi saio hartuak zituenez, batera nik joan nahiko nukeen galdetu zidan. Halaxe hasi nintzen, kasualitatez. Orozkoko festetan  haren ordez aritu nintzen, Maika Ariztegiren aurka. 14 urte inguru izanen nituen orduan. Egun batetik besterako kontua izan zen. Urte horietan, Saralegitarrek saio asko egiten zituzten eta ni haien arrimuan hasi nintzen.

Nork erakutsi zizun?

Saio horren ondoren, tarteka  aritzen nintzen arren, 16 urte inguru nituela, serioago entrenatzen hasi nintzen. Ordutik, urte askoz, Jaunarenak erakutsi dit.

Noiz hasi zinen plazetan eta txapelketetan parte hartzen?

Plazetan lehendabiziko saio hartatik aurrera, bata bestearen atzetik izan nituen. Hurrengo udan, 15 bat egin izanen nituen. Txapelketetan, berriz, 16 urte nituela. Lehendabizikoa Gazte Mailako Txapelketa izan zen, Lekunberrin. Orduko oroitzapen oso onak ditut. Xabier Mindegiak irabazi zuen eta ni izan nintzen bigarren. Nik 16 urte nituen, baina oso txikia nintzen. Xabier Mindegia ordurako oso haundia zen eta haren ondoan txiki sentitu nintzen. Ikara sentitu nuela oroitzen dut. Xabier Mindegia orduan asko aritzen zen aizkoran eta lan ederra egin zuen.

«Euskal Herriko finala jokatzeko aukera izan dut eta pozik nago»

Zertan aldatu zaizkizu txapelketak ordutik? 

Gaur egun, lasaiago aritzen naiz. Prestakuntza ere aldatu da. Lehen oso lan laburrak izaten ziren eta gutxi prestatuta ere egin zitezkeen. Gaur egun, berriz, saioak luzeagoak dira eta prestakuntza behar da. Lehen astean behin entrenatzen nuen eta orain, txapelketak direnean, egunero egiten dut zerbait: aizkora ez bada, mendi bueltaren bat edo…

Noiz jantzi zenuen lehendabiziko txapela?

17 urte nituela, 18 urtetik beheitikoentzako Gazte Mailako Txapelketa irabazi nuen. Hori irabaztea pozgarria izan zen eta orduko oroitzapen ona dut. Geroztik, beste batzuk irabazi ditut: Nafarroako II. mailakoa, Urrezko Kopakoa, Euskal Herriko II. mailakoa…

Euskal Herriko II. Mailako Aizkora Txapelketako finala bi aldiz irabazi duzu. Urte batean, txapelketako gazteena zinen gainera...

Bai, hala da. Gaur egun aizkolari gazte gehiago dago. Bolada batean, aizkolari gazte askorik gabeko urteak izan ziren. Orduan, gazteena izatea ez zen harritzekoa. Dena den, gazteena izan zein ez, irabaztea beti da pozgarri. 

2008an gazte mailako Urrezko Aizkorakoa irabazi zenuen…

Urrezko Koparako prestatzen aritu ginen, baina hori ez zitzaigun oso ongi atera. Hilabeteren buruan Urrezko Aizkora zenez, horretara joan ginen eta irabaztea lortu genuen. Batean gaizki, bestean ongi aritu ginen.  

«Gaur egun oso zail ikusten dut iker vicenteri irabaztea»

2017an Aizkolarien Kopako finalera sailkatu zinen, Iker Vicente kanporatuta...

Iker Vicente, aspaldi honetan, faboritoa da. Berari irabaztea ez da erraza, ez zuen egun ona izanen… Gaur egun, oso zail ikusten dut hori. Orduan irabazi genion eta pozik. Horrelako egunak bereziak dira, ez dira ahazten.

2019ari begira, nolako balorazioa eginen zenuke?

Finaletara ailegatu naiz behintzat. Finaletan egindako lanarekin ez nago horren gustura. Lana dela eta, nekatu samar ailegatu naiz eta ez naiz ongi aritu. Iazkoa baino urte hobeak izan ditut, nahiz eta final guztietara ez ailegatu, egindako lana hobea izan delako sentsazioa izan dut… 

Urrezko Aizkorako Binakako finalera lehenago ere sailkatu zara... 

Bai, bitan Ander Erasunekin eta beste behin Ruben Saralegirekin aritu naiz. Beti txapeldunorde izan gara. Lagun handiekin aritzea beti da pozgarri.

«Aizkorak segida izateko apustuak beharrezkoak dira»

Iaz Euskal Herriko I. Mailako Aizkora Txapelketako finalean parte hartu duzu lehenbizikoz…

Bai. Lehendik ere sailkatzea lortu nuen, baina, bi aldiz auto istripua izan dudalako eta beste batean behatzean ebaki bat egin nuelako, iaz arte ez nuen jokatzerik izan. Lehendabiziko aldia izan zen. Finalean sartzea ez da erraza eta jokatzeko gogoa nuen. Txapelketa hori aizkolarientzat dagoen txapelketa inportanteena da eta hor izatea pozgarria da. Finaleko lanarekin ez nintzen gustura gelditu… Nekatuta sentitu nuen neure burua, nerbiorik gabe...  

 

Jon Rekondo Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finalean.

 

Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketan hirugarren postua lortu zenuen…

Garbi esanda, bigarren egitera joan nintzen. Bigarren bukatzeko aukerak banituela uste dut, baina ez nengoen nire onena emateko moduan. Azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan nuen. 

Otaegi eta Olasagastiren aurka apustuak ere egin dituzu…

Bai. Otaegiren aurkakoan (2007) gaztea nintzen eta ez nuen behar bezala prestatu. Olasagastiren aurkakoa (2014an), berriz, bost segundogatik galdu nuen. Azken egurra bakarrik moztu zuen nire aurretik... Baina, azken finean, azkena da balio duena...

Zer dute apustuek bereizgarri?

Aizkora edo herri-kirol munduan, aurrera segitzeko, apustuak beharrezkoak iruditzen zaizkit. Apustua denean, ez dakit zergatik baina, ingurukoak gehiago inplikatzen dira. Etxe ingurura egun horietan jende asko etortzen da. Ondokoak horrela ikusteak buruzaletasun gehiagorekin prestatzeko bide ematen du. Dena dela, apustuak egitea  zaila da, lana alde batera utzi behar da eta hori gaur egun…

Aurrera begira, zein dira zure erronkak?

Urrezko Aizkorako Binakakoan ari gara orain eta ea hor lan polita egitea lortzen dugun. Aurtengo urteari begira, bi finaletan sartu, eta horietan sartuz gero, lan txukuna egitea dut buruan. Ea joan den urtekoa hobetzea lortzen dudan.

«Gazte asko dago eta maila ona dute. beraz, etorkizuna bada»

Zer eman dizu aizkorak?

Bizitzeko beste modu bat. Horretara jarria nago. Neguan txapelketetarako entrenatu eta jokatu, udan, berriz, herriz herriko saioetan aritu… Urte osoa horren bueltan egiten dugu. Sakrifizioa eskatzen du eta zerbait gaizki ateratzen denean uztea ere pasatzen da burutik… Dena dela, gero ahaztu egiten zaigu! (irri artean). Gustukoa dut eta horrek balio du. Momentuz, osasunak laguntzen digu eta...

Nola ikusten duzu aizkoraren etorkizuna?

Gazteak badaude eta maila ona dute. Euskal Herriko txapelketan IÒaki Azurmendi eta ni ginen zaharrenak eta hori seinale ona da. 30 urtetik beherako lau aizkolari zeuden finalean eta hori asko dela esanen nuke. Okerrago egon da. Ikusle aldetik, egun inportanteetan jende asko izaten da. Euskal Herriko finalean 1.900 lagun zeuden eta plazetan ere jende asko biltzen da. Jendea mugiarazten du eta hori seinale ona da.  

 

Laburrean

Aizkorak eman dizun egun bereziena?

Olasagastiren aurkako apustua, jendearen babesagatik.

Aurkari gogorrena?

Ugaitz Mugerza.

Aizkolari hoberena?

Garai batean Mindegia eta egun Iker Vicente.

Plaza bat?

Leitzako plaza.

Lan luzeak edo laburrak?

Jokatzeko laburrak, ikusteko luzeak.

Aizkolari onak zer ezaugarri behar ditu?

Burua, indarra eta fisikoa.

Aizkora ez den kirol bat?

Esku pilota.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun