Jasangarritasunaren Europako proiektu baterako hautatu dute Plazaolako Bide Berdea

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 2a, 14:00
63 kilometroko ibilbidea dauka Plazaolako Bide Berdeak, Europan aukeratu dituztenen artean luzeena.

Plazaolako trenbidea TrailGazersBID Europako programaren sei bidexka pilotuetako bat izango da. Datozen hiru urteetan, elkartutako hamar eskualdeei (tartean, Nafarroari) teknologia eta esperientziak partekatzeko aukera emango die, gune naturalen eta haien populazioen jasangarritasuna lortzeko bidean aurrera egiteko.

Plazaolako proiektua beste herrialde batzuetan, hala nola Irlandan, Portugalen, Erresuma Batuan edo Frantzian, hautatutako sei proiektuetatik luzeena da. Guztira 63 kilometro ditu, eta Nafarroako Lursarea agentzia du buru, Red Explorarekin harreman estuan, Nasuvinsa sozietate publikoak jakinarazpen batean adierazi duenez.

Proiektuari esker, «azpiegituretako eta egokitzapeneko inbertsioen itzulera sozio-ekonomikoa neurtu ahal izango da, eraginkortasun handiagoko irizpideak zehazteko» eta, gainera, «natur gune horien erabileran hobekuntzak aztertu ahal izango dira, teknologia berriak erabiliz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun