Garai eta Agirre-Etxaniz, maisuak Berrizen

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 2a, 13:00
Ruiz de Larramendi, Arrizabalaga, Iera Agirre eta Etxaniz, epailea tartean dutela, Berrizko partida hasi baino lehen.

Iera Agirre leitzarrak eta Leire Etxanizek, binaka, eta Leire Garaik, buruz buru, irabazi zituzten abenduaren 29an, giro apartarekin, Berrizen jokatutako Laboral Kutxa EITB Masterreko bi partidak. Salbuespenak salbuespen, urteko pilotaririk onenak bildu dira bertan eta, lehiatzeko egunik onenek ez badira ere, bertan bildutako pilotazaleek tanto edererkin gozatu ahal izan dute.

Lau eta erdiko partidan, pilota mistoarekin, Leire Garai arabarrak errebantxarako tartea izan zuen Miriam Arrillaga txapeldunari 16-22 irabazita. Hasiera-hasieratik hartu du gainera Garaik partidaren ekimena, kantxan eroso sentitzea kosta izan zaion aginagarraren aurka. Lau eta erdiko finalerdian ez bezala, ongi mugitu zuen pilota gasteiztarrak, eta Arrillagak ez zuen bere egunik onena izan.

Binakakoan, pilota goxoarekin, Leire Etxanizek bere urte bikaina borobildu ahal izan zuen beste garaipen on batekin. Iera Agirrek lagunduta, 22-11 irabazi zieten Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendiri, hutsek baldintzatutako partida arraro batean.

Beste askoren artean, sendotasuna izan zen Etxebarriko pilotariaren dohainik onena bere garaipen guztietan eta horrek eman zien garaipena leitzarrari eta bizkaitarrari. Lehia azkarra izan zen, egindako baina galdutako tanto gehiagorekin. Urdinek 19 huts egin zituzten (13 Arrizabalagak eta 6 Maite Ruiz de Larramendik) eta zenbaki horiekin ezinezkoa da maila hauetan lehiatzea.

Hemen ere, hasieratik hartu zuten irabazleek partidaren aginte makila eta kasu honetan aldeak handitu baina ez ziren egin neurketak aurrera egin ahala. Agirre-Etxanizek ez zuten partida bereziki distiratsurik egin, baina beti egon ziren euren lekuan, kantxan ez zuten zirrikiturik utzi eta aurkariak desesperatzera heldu ziren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun