Urteko pilotaririk onenak Berrizen ariko dira igandean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 27a, 18:00
Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi izan ziren master jaialdiko aurkezpenean.

Binakako partidan, Iera Agirre leitzarra eta Leire Etxaniz, Olatz Arrizabalaga eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira

 

Emakumeen esku pilotak garatzen eta aurrera pausoak ematen segitu duen urte hau behar bezala bukatzeko, Laboral Kutxa EITB Master jaialdia jokatuko dute igande honetan Berrizeko udal pilotalekuan, eguerdiko 12:00etatik aitzinera. Jaialdia ETB-k zuzenean emanen du eta bertan Emakume Master Cupeko urteko pilotaririk onenak arituko dira, zaleen gustagarri.

Jaialdia bi partidek osatuko dute, lehenengoa lau eta erdiaren barruan eta bertan Miriam Arrillaga eta Leire Garai arituko dira elkarren aurka.

Bigarrena binakakoa izango da eta bertan lehiatuko direnak Iera Agirre-Leire Etxaniz eta Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendi izango dira.

Erran beharra dago, berez, Miren Larrarte eta Patri Espinar ere jokatzekoak zirela, baina gipuzkoarra eskuko minez dago eta Usansolokoak ezin izanen du Berrizen egon bidaia batean dagoelako. Hala ere, biek ala biek lehen mailako ordezkoak izanen dituzte eta ikuskizuna ziurtaturik dago.

 

Binakakorako izen ematea zabalik

Baina emakumeen esku pilotak ez du etenik eta Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako antolatzaileak dagoeneko lanean dira hurrengo txapelketak prestatzen. Erraterako, irekia dago Binakako txapelketarako izen ematea. Urtarrilaren 10era bitarte eman daiteke izena. Oraingo honetan bi maila izanen dira; pilota goxoa eta pilota mistoa. Parte hartzeko interesa dutenek banaka eman behar dute izena eta antolakuntzak osatuko ditu bikoteak, txapelketak ahalik eta orekatuenak suerta daitezen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun