Mendibil taldeak abenduaren 28an eginen du urteko azken mendi martxa

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 23a, 08:30
Mendibil taldekoak irailaren 29an Saioara egin zuten ateraldian.

Herri inguruan itzulia eta bazkari legea eginez urtea borobiltzeko proposamena egin dute Leitzako Mendibil Mendi taldeko kideek. Abenduaren 28an egin dute hitzordua eta lau ordu inguruko ibilaldia eginen dute. Gero Orain elkartean bilduko dira bazkaltzeko. Izena ematea abenduaren 26a, osteguna, baino lehen egin beharko da.

Urteko azkeneko larunbatean, abenduaren 28an, 08:00etan egin dute hitzordua autobus geltokian. Bertatik, Zuparrobi eta Kornietako gainetara igoko dira, handik herrira itzultzeko. Ondoren, ongi irabazitako bazkaria izanen dute Orain elkartean. Bazkalondoan, urteari errepasoa eginez, argazki-emanaldia antolatu dute. Hitzordua baliatuta, heldu den urteko asmoez ere hitz eginen dute.

Joan nahi duenak Maimur eta Astiz liburu-dendetan edo mendibilaurrera@hotmail.com helbidera idatzita eman beharko du izena, abenduaren 26a baino lehenago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun