Joan den igandean Urrestillan Mikel Larrañagaren kontra galdu ondotik, Jon Rekondo leitzarrak Urrezko Aizkolari Kopako finalera sailkatzeko azken aukera izanen du abenduaren 21ean Mutrikun. Beizamako Eneko Otaño izanen du arerio eta irabazleak urtezahar egunean finala jokatuko du, Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarekin batera. 54 ontzako hamalau enbor moztu beharko dituzte.
Aizkolariez gain, Gabonetako harrijasotze txapelketako jardunaldia jokatuko dute Elgetako Imanol Albizu Goikoetxe eta Mallabiko Jon Gisasola Zelai V.ak. Hemen ere irabazleak finalerako tartela izanen du, Mikel Lopetegi Urra eta Beñat Telleriarekin batera.
Gabonetako emakumezkoen ingude txapelketan, Iruñeko Virginia Finol eta Getxoko Nerea Egurrola ariko dira. Txapelketa honetan, finalerako txartela lortu zuen Urrestillan Maika Ariztegik.