Eguberriak 2019

Zentzumenei lotutako oroitzapenak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 21a, 10:00

ZuriƱe Goikoetxea, Teresa Telletxea eta Juana Mari Saizar.

Aresoko Otxon txikian egin dugu hitzordua Teresa Telletxea, Juana Mari Saizar eta Zuriñe Goikoetxearekin. Familia bereko hiru belaunaldi dira; bizimodua aldatu denaren erakusle.

Dastatu

Eratsunen, Joanean jaio zen Teresa sei senideko familia batean eta Eguberriak «familiarekin egoteko eta elizarako garaia izaten ziren». Ardia hiltzeko ohitura izaten omen zuten, «tripotxak eta gero Baztan zopak egiteko». Ez zen izaten hura jateko berezi bakarra: «anaia bat Pasaian bizi zen eta hark bi bisigu ekartzen zituen beti Eguberri egunerako». Gozorik ere ez zen falta izaten: «Donezteben Santa Luzia Egunean turroi pixka bat erosi eta gorde egiten genuen. Anaiak joaten ziren erostera eta nire lehenbiziko lana izaten zen ekarri ote zuten begiratzea». Gozozalea izaki, aitortu du: «tartean-tartean puxketaren bat ere kentzen nion ezkutuan». Erregeek edo Olentzerok ez omen zuten egiten herrira bisita: «baina, Errege egunean zapatan izaten genuen oparia. Kasualitatea, herriko dendan, Iriartean, saltzen zuten zerbait».

Ikusi

Juana Mariri, berriz, kolorez jantzitako etxea datorkio burura oroitzapenak astintzean: «Sarrion lan egiten zuen aitak eta handik estraza ekartzen zuen etxera. Zilar eta urre kolorekoak, gorriak, horiak… izaten ziren eta horiek erabilita kateak osatu eta bi koloretako bolak egiten genituen etxea apaintzeko. Hamabost bat egun lehenago hasten ginen prestaketekin». Etxe barruan jartzen zuten pinua ere gogoan du, baita herrian jartzen zutena ere: «pinu handi bat izaten zen, komeriak izaten zituzten askotan altxatzeko. Oraingo autobus- geltokian jartzen zuten, lurrean sartuta. Bolak, koloretako argiak… jartzen genizkion eta pizten zituzten momentua berezia izaten zen, orduan ez zelako argi askorik izaten. Pinuarentzako izarra ere gure etxean egin izan da urtetan». Urtero, idazten omen zien gutuna erregeei, «mazapanarekin egindako aingira bat eskatzen nuen urtero eta ez zitzaidan behin ere ailegatu». Errege bakarra ibiltzen zela ere aipatu du, paje batekin, eta Olentzerorik ez: «alabekin ezagutu dut».

Entzun

Hogeita zazpi urte ditu Zuriñek eta gaur egungo Eguberrien oso antzekoak omen ziren umetan bizitakoak: «abenduan sartzearekin batera, etxeak apaindu eta gabon-kantak ikasten genituen eskolan». Sei bat urte zituenean etorri omen zen lehenengoz abenduaren 24an ikazkina herrira: «orduan sortu zen herrian etxez etxe kantuan aritu eta iluntzean Mañeneko atarira Olentzeroren bila joateko ohitura». Oparirik ez zen falta izaten eta batzuk irekitzerako heltzen ziren besteak: «zintzarri hotsak esaten zigun hiru erregeak bidean zirela. Etxez etxe banatzen zituzten opariak, orain bezala». Urduri bizi zuen momentua: «barrenak mugitzen zitzaizkidan zintzarri soinuak entzuten nituenean. Soinu hori ongi barrenean dut oraindik ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun