Leitzako Udalak ez-ohiko batzarrean onartu du Oialdeko lokala dohaintzan hartzea

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 13a, 15:30
Abenduaren 12an egin zuten ez-ohiko batzarra Leitzako Udaletxean.

Leitzako Udalak abenduaren 12an egindako ez-ohiko batzarrean onartu zuen Oialdeko lokala dohaintzan hartzea. Guraso Katolikoen Elkarteak egindako dohaintza izan da eta trukean hainbat baldintza bete beharko ditu Udalak: Guraso Katolikoen Elkarteak duen zorra bere gain hartu eta lokalari erabilera sozial eta publikoa eman beharko dio beti. Herriko liburutegi publikoa bertara lekualdatzeko asmoa azaldu du Udalak eta horretarako bost urteko epea izanen du.

Urte hasieran onartu zuen Guraso Katolikoen Elkarteak Leitzako lehenengo poligonoko 114. eta 115. partzelen bigarren zatia (Oialde lokala eta Jubilatuen Elkarteko lokala) udalari dohaintzan ematea. Trukean elkarteko kideek hainbat baldintza betetzea eskatu diote udalari.

Elkartearen zorra Udalaren gain

Leitzako Udalak donazioa onartzean, Elkarteak Uharte Gotzaina 1 eraikineko jabekideekin duen zorra bere gain hartuko du. Zor hau eraikineko fatxada berritzeko obratik eratorria da eta gordinean 59.890, 82 eurokoa bazen ere, obra finantzatzeko eskatu ziren Europako dirulaguntzak jasota, garbian 26.389 euroko zorra da. Kopuru horri gehitu behar zaizkio zorrak eragin dituen interesak eta jabekideek hau kobratu ahal izateko abiatu zuten prozedura juridikoaren kostak. Guztira, 32.000 euroko zorra osatzen dute eta Leitzako Udalak bere gain hartuko du donazioa balizkoa izan dadin.

Lokalaren erabilera

Horrez gain, lokalari erabilera sozial eta publikoa ematea ere onartu du Leitzako Udalak. Herriko liburutegi publikoa bertara lekualdatzeko asmoa dute eta horretarako egin beharreko obrak, kudeaketak, moldaketak... Leitzako Udalaren eskuetan geldituko dira. Liburutegiak lokalaren espazio osoa hartuko du, Jubilatuen Elkarteak duen txokoa izan ezik. Etorkizunean erabilera aldatuko balitz, betiere helburu sozial eta publikoa bermatu beharko dute.

Gainera, Guraso Katolikoen Elkartearen helburu fundazionala errespetatu dadin, liburutegi publikoa den bitartean, erlijio katolikoari buruzko liburuak bertan ikusgai egonen direla bermatuko du Leitzako Udalak, legeak ezartzen dituen berdintasun printzipioak eta gainerako mugak errespetatuz.

Liburutegi publikoa den bitartean, Elkarteko kideek eta dute honen erabileragatik tasa edo kuotarik ordainduko.

Lanak egiteko epea

Elkarteak bost urteko epea eman dio Leitzako Udalari, Oialde lokalean liburutegia egiteko obrekin hasteko. Epe hori dohaintza gauzatzen den momentutik aurrera hasiko da. Epe hori igarota Leitzako Udalak liburutegia egiteko obra ez badu hasi, Guraso Katolikoen Elkarteak erabaki beharko du epea luzatu edo donazioa bertan behera utziko duen. Mikel Zabaleta Leitzako alkateak TTIPI-TTAPAri adierazio dio hasiak direla lehenbiziko pausoak ematen, «liburutegia herri erdigunera lekualdatzeko aukera paregabea dugu, zerbitzua herritarrengandik hurbilago, eskurago jartzekoa. Hasiak gara proiektua aurrera eramateko finantziazio bila».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun