Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela jokoan izanen du Jon Rekondok igandean Urrestillan

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 13a, 14:00

Jon Rekondo leitzarrak finalerako txartela izanen du jokoan. Argazkia: Rakel Rico

Joan den urteko irabazlea, Mikel Larrañaga azpeitiarra izanen du arerio finalaurrekoan

Urrezko Aizkolari Kopako bigarren finalaurrekoa jokatuko dute abenduaren 15ean, igandean 12:30ean hasita Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Jon Rekondo leitzarra eta joan den urteko kopa irabazi zuen Mikel Larrañaga azpeitiarra izanen dira aurrez aurre. Irabazleak abenduaren 31n Asteasun jokatuko den finalerako txartela lortuko du.

Julen Alberdi Txikia IV.ak lortua du dagoeneko finalerako txartela. Urrestilla galtzaile suertatzen denak beste aukera bat izanen du, Mendaroko kanporaketan galtzaile izan zen Eneko Otañoren kontra. Bi hauen arteko lehiako irabazleak ere lortuko du finalean sartzea.

Aizkolariez gain, Gabonetako harrijasotze txapelketako eta emakumezkoen ingude txapelketako saioa ere jokatuko dute Urrestillan. Harrijasotzen Mateo Coloma donostiarra eta Beñat Telleria lasartearra izanen dira aurrez aurre. Ingude altxatzen, berriz, Iruñeko Virginia Finol eta Getxoko Nerea Egurrola ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun