Leitzako lau emakumeri XX. mendean euskararen alde egindako lana aitortu diete

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 11a, 15:51

Nafarroako hamalau emakumek euskararen alde egindako lana bistarazi nahi dute erakusketarekin.

Nafarroako 14 emakumek euskararen alde egindako lana goraipatu eta plazaratzeko, Hemen baditun 14 erakusketa osatu du Iruñeko Udalak. Tartean dira Leitzako Mikela Labaien, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola eta Pakita Zabaletari buruzko aipamenak. Atzo, abenduaren 10ean ireki zuten erakusketa eta ekitaldia baliatuta protagonistei eta, zendu direnenen kasuan, senitartekoei oroigarri bat eman zieten. Abenduaren 20ra arte bisitatu daiteke erakusketa Iruñean Kondestablearen jauregiko bigarren solairuko patioan.

Itzalean, isilean, egindako lana aitortu izan nahi diete. XX. mendean Nafarroan euskara sustatu eta normalizatzeko egindako lana ikusarazi. Hemen baditun 14 erakusketak Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikaela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana María Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Alemanen lana goraipatzen du. Irakasleak, musikariak, bertsolariak, merkatariak... hainbat profiletako emakumeak dira; guztiak, euskaraz bizi eta lan egin dutenak.

Ines Castiella irakasle eta koordinatzailearen ideia batetik sortu zen erakusketa, berak egin du bilketa lana eta Emakumeak bildu Iruñean taldearen bulkada ere jaso du erakusketak. Hamabortz taulatan banatuta, protagonisten biografiak eta argazkiak jaso dituzte.

ERAKUSKETAN AGERI DIREN LAU LEITZARRAK

Mikaela Labaien Lasarte. Leitzan jaio zen baserri giro euskaldunean, eta Astaitzaga baserrira ezkondu, eta bi seme eta alaba bat izan zituen. Baserri horretan eman zuen bizitza osoa. Txikitan eskolara joan, eta bertan igarri zion Ignazio Lizarraga apaiz eta irakasleak idazteko grina. Zeruko Argia, Argia, Amayur eta Plazaola astekarietan idazten zituen hainbat tokiren inguruko kronikak, bai eta Leitzako eta inguruko paisaiei eta tokiei buruz ere. Eskarnetxu eta Lilitxu izenordeekin sinatzen zituen idazkiak.

Petra Azpiroz Lazkano. Familia euskaldun batean jaioa, 14 urterekin Iruñera etorri zen irakasle-ikasketak egitera. 17 urterekin titulua lortuta, Gipuzkoako oposizioak prestatzen hasi zen –han euskal eskolen sorrera-mugimendua abiatua zen–. Espainiako Bigarren Errepublikaren hasiera zen, eta Iruñean abiatua zen, Euskararen Adiskideen Elkarteak sustatuta, Escuela Vasca izenekoa sortzeko asmoa, Julia Fernandez Zabaleta, Catalina Alastuey eta Maritxu Viscarret horretan zebiltzala. Lizarran ere bazen euskal eskola bat sortzeko grina, eta Eusko Ikaskuntzak egin zion Petrari hura sortzeko eskaera: Petrak baiezkoa eman zuen. Lizarrakoa abiatu bitartean, Iruñeko Euskal Eskolan egon zen irakasle, eta horrek ikasteko balio izan zion. Azpiroz izan zen Gerra Zibilaren aurreko lehen euskal andereñoa.

Paulina Urkiola. Leitzan jaioa, baserri-giro erabat euskaldunean, gerra zibilak harrapatu zuen gazterik. Txikitatik baserriko eta etxeko lan gogorrak egin behar izan zituen, eta berdin segitu zuen ezkondu eta seme-alabekin Leitzan emandako bizitza guztian. Haren seme Iñaki Zabaleta idazle eta irakaslearen hitzetan, amaren ekarpen nagusia euskara altxor etnografiko eta kultural gisa gordetzea izan da, politikatik eta bestelako baldintzapenetatik aparte. Urkiolak hainbat eta hainbat esaera zahar, euskal esamolde eta otoitz –euskararen ikuspegitik benetako altxorrak direnak, garai hartan erlijioak zeukan garrantzia medio– aiton-amonengandik eta gurasoengandik jaso, eta ondorengo belaunaldiei helarazi zien –ahoz eta errepikaren errepikaz.

Pakita Zabaleta Zabaleta. Eskola publikoetan irakasle, San Fermin ikastolan orientatzaile, eta Nafarroako Gobernuan hizkuntza normalizazio-lanetan aritu zen, Hezkuntza Departamentuko lehen Euskara Unitateko (1985-1988) eta Hizkuntza Politikako Plangintza Ataleko buru (1991-1997) izan zelarik. Gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Psikologiako irakasle titular aritu zen (1998-2012), erretiroa hartu arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun