Urtea lasterka bukatzeko aukera izanen dute aurten ere Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 27a, 06:30
16:30ean hasiko dira lasterketak eta adin tartetan banatuta parte hartzeko aukera izanen da.

Joan den urtean bezalaxe, San Silbestre lasterketa antolatuko du abenduaren 31n Anikote enpresa publikoak. 16:30ean hasi eta adin tarte guztietakoek izanen dute lasterka egiteko aukera. Izen-ematea abenduaren 30a baino lehenago egin beharko da kiroldegian bertan edo 948 51 07 19 telefonora deituta. 

Bederatzi urtera arteko haurrak izanen dira irteeratik ateratzen lehengoak eta 600 metro eginen dituzte lasterka. 16:45 aldera, hamar eta hamabost urte artekoak abiatuko dira eta bi kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Irteera gunetik ateratzen azkenak hamasei urtetik gorakoak izanen dira. Hauek lau kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Ibilbidea bakarrik edo taldeka, erreleboa emanda, osatu daiteke.
Lasterketan parte hartzearen truke kopuru txiki bat ordaindu beharko dute: hamabost urtera artekoek euro bat ordaindu beharko dute eta hamasei urtetik gorakoek bi euro. Lasterkariak mozorrotuta joatera animatu nahi dituzte eta mozorro xelebreena daramanak oparia izanen duela ere aipatu dute antolatzaileek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun