Eskolan estalpea egiteko finantziazio bila ari da Leitzako Udala

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 10a, 10:30
Eskolako futbol zelai txikia estali nahiko luke Udalak. Irudian proposamen bat.

Abenduaren 11n, 16:30ean, Nafarroako Parlamentuko lansaio batean parte hartuko dute Leitzako Udaleko  hainbat ordezkarik, hezkuntza batzordeko kidek eta gizarteko hainbat eragilek. 16:30etik aitzinera estalpe bat izateko duten premia azalduko dute.

Ez da berria Leitzan estalpe koskor bat egiteko beharra. Erleta Eskolak eta Amazabal Institutuak, guraso elkarteek... behin baino gehiagotan egin duten eskaera izan da. Udalak ere, herri programan aipatutako gaia izan zela azaldu dio Ttipi-Ttapari Mikel Zabaleta alkateak: «Amazabal pilotalekua, kiroldegia eta eskolako kiroldegi txikia dira herrian ditugun aterpe bakarrak. Hemengo baldintza metereologikoak, herritar kopurua... kontuan izanda, bistakoa da irtenbideren bat aurkitzeko beharra dagoela. Horregatik hasi gara finantzaketa bila».

350.000 euroko aurrekontua beharko dutela aurreikusi dute

Hainbat aukera aztertu ondotik, aukera egokiena eskola eremuan estalpea egitea  dela ondorioztatu dute; Erleta Eskola aurreko futbol zelai txikia tapatuz. Memoria bat egina dute eta tankerako proiektuek 350.000 euroko aurrekontua behar izaten dutela aurreikusi dute.

Nafarroako Gobernura jo zuten finantzaketa eske: «Hezkuntza Sailak beharra justifikatuta dagoela erantzun zigun, baina aurrekontuetan horretarako  partida bat onartu behar izaten da». EH Bilduren bidez sartu zuten eskaera eta Parlamentuko denek sinatu eta lan saio bat egitea adostu zuten. «Berriozarren, Tuteran... eman izan dute antzeko proiektuak egiteko laguntza eta berdina eskatzera goaz».

Abenduaren 11n, asteazkenean, Nafarroako Parlamentuko lansaio batean parte hartuko dute Leitzako alkateak, Erleta Eskolako eta Amazabal Institutuko zuzendariek, guraso elkarteetako ordezkariek, Kaxkabeltza Merkatarien Elkarteko kideek eta Altzadi Leitzako Kultur Elkarteko kideek. Zabaletak gaineratu du: «herriko beste hainbat talde eta eragileren babesa ere badu proiektuak, baina aforo mugatuagatik denek ez dute joaterik izan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun