«Korapiloak askatzen ikasiz gero, estresa dibertsio izan daiteke»

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 7a, 09:00
Yoni Salaberria goizuetarra.

Yoni SALABERRIA Goizuetako margolaria

Aurkeztu zure burua.
Egunerokoan arte eta espresio arloak jorratzen dituen 22 urteko goizuetarra naiz.  

Zein dira zure zaletasunak?
Musika, marrazkiak egitea, margoa eta psikologia. Tarteka, mendian barrena galtzea ere gustuko dut.

Nondik datorkizu marrazteko zaletasuna? 
Osaba bat izan nuen abiapuntu. Bere lanak ikustean, bera bezalakoa izaten saiatzen nintzen. Denbora pasa ahala, barneko korapiloak askatzeko erreminta bihurtua zela ohartu nintzen, eta ordutik, nire bizitzaren atal bat da. 

Nork erakutsi dizu?
Batzuetan ez dago norbera baino irakasle hoberik, baina ereduak izatea ez dago soberan. Osabaz gain, telebistan ikusten nituen formak izan nituen oinarri.

Zer da zure marrazkien berezitasuna?
Ikuslea leku ilunetara eramaten dute, leku hotzetara. Barrura begiratzeko leihoak irekitzen ditut eta sentimendu tristeak, bakartiak edota desesperatuak agertzen dira.

Nolatan eman zenuen izena 'Arimaren Margolariak' saioan?
Kasualitatez. Izebak kartela ikusi eta bidali zidanean pentsatu gabe deitzea erabaki nuen. Sorpresa! Izugarria izaten ari da, bai ikasten ari naizenagatik, baita ezagututako jendearengatik. Bertan margoen esentzia ikusi dut, orain arte ez nuen inoiz arkatzetatik eta arte digitaletik harago jo.   

Musika munduan ere bazabiltza...
Beti izan dut kontaktua. Marrazkia ez bezala, musika eta abesteko zaletasuna ezkutuan gorde dut berriki arte. Lagun on batek bultzatuta, barrenak ikertzen ari gara orain.

Musika eta margolana uztartzeko modurik bada?
Artea bat bakarra eta osoa dela uste dut, ez dago musika eta irudia zatitzerik.

Sormenerako txoko bat...
Herriko errekak eta mendiak dira inspirazio iturri onena.

Zer du Goizuetak bereizgarri?
Lasaitasun eta giro itzel eta bakarra, bertako biztanleek sortua.

Amets bat?
Dakidana eta ikasten ari naizena partekatu nahiko nuke. Akademiatxo bat sortu eta haur zein helduei tentsioak askatzen lagundu. Estresa dibertsio bihur daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun