Egun beteko pesta izan dute Areson Euskararen Egunean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 3a, 21:04

Abenduaren 3an pesta egun handia izan dute aresoarrek. Aspaldiko jolasak berrituz, herriko kaleak musikaz alaituz, mahaiaren bueltan kontu-kontari arituz, musean jokatuz, baserritar jantziei hautsa kenduz eta euskal kantuak abestuz. Euskara bihotzean eta mingainean, gozatu ederra hartu dute.

Goizean 11:00 aldera egina zuten hitzordua herriko plazan, garai bateko jolasetan jostaketan ibiltzeko. Goman saltoka, garai bateko kantak ikasiz... ez dakigu nortzuk ibili diren gusturago haurrak edo helduak. Gero kalejira egin dute herrian barrena eta indarrak berreskuratzeko geldialdia egin dute Larrea eta Pake Toki Elkarteetan eta Sastinea Tabernan. Banabar jatean bildu dira gero eta iaz bezala, baserritar jantzi dotoreena zutenek saria izan dute. Aiert Baraibar, Eneritz Agirre eta Txomin Zubilaga izan dira irabazleak. Egunari bukaera euskal kantak abestuz eta entzunez eman diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun