Goizuetako Eli Apezetxearen eta Alaitz Eskuderoren lanak saritu dituzte 'Mendialdea zoragarria' argazki lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 28a, 15:00

Mendialdea zoragarria lelopean argazki lehiaketa egin du Aralar-Urbasa Landetxeen Elkarteak eta berriki eman dituzte jakitera irabazleen izenak. Eskualdean geratu dira sarietako bi: Goizuetako Eli Apezetxea izan da irabazlea Goizuetako zubia, ur ttanttaz bizia argazkiarekin, bigarren saria Jokin Fernandez donostiarrak eskuratu du Igaratza lanarekin eta Alaitz Eskudero goizuetarra izan da hirugarren, Goizuetako Inauteriak argazkiarekin.

Argazkiak aurkezteko epea azaroaren 4an bukatu zen eta azaroaren 19an bildu zen saridunak erabakitzeko epaimahaia. Rikardo Boch argazkilariak, Jose Antonio Goikoetxea argazkilariak eta Aitziber Goikoetxea elkarteko bazkideak osatu dute epamahaia eta adierazi dutenez kosta zaie erabakia hartzea: «aukeraketa ez da batere erraza izan, eta lehiaketaren deialdiaren irizpideak kontuan hartuta eta eztabaida luzeen ondoren hartu dugu erabakia».
Irabazleak asteburuko egonaldia irabazi du Nafarroako edozein landetxetan. Bigarren geratu denak, otordua inguruko jatetxe batean eta hirugarren saria bertako produktuekin osatutako otarra izan da.
 

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaile guztiei: «eskerrak eman dizkiegu auzolan honen bitartez, Mendialdea eskualdea bultzatzen lagundu duzuen guztioi. Guretzat, zalantzarik gabe, denok zarete garaileak eta bertako herritarrok suertatu gara irabazleak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun