Adin txikikoen osasuna zaintzeko errezeta bila

E. IRAOLA 2019ko aza. 30a, 11:00
Obesitatearen aurka lanean. Eskolan ere gaia lantzen ari dira adin txikikoekin. Argazkia: Eneritz Iraola

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako guraso, hezitzaile, profesional eta eragileek Kikili Salda lantaldea sortu dute. Adin txikikoen obesitate maila murriztu eta elikadura ohitura osasuntsuak bultzatzeko elkarlanean ari dira; bat eginda emaitza hobeak lortzeko.

Leitzaldea eta Urumealdeko zero eta bost urte arteko haurren obesitate maila Nafarroako altuena da. Hala eman du aditzera Nafarroako Osasun Komunitarioko Behatokiak. Datua larria dela ikusita, elkar hartuta irtenbide bila hastea erabaki dute guraso, hezitzaile, profesional eta eragileek. Kikili Saldaren bueltan bildu dira denak.

Elkarlanaren beharra

Osasun Zerbitzuetako langileak izan ziren herriko eragileekin bilera antolatu eta datuak mahai gainean jarri zituztenak: «arazo honen irtenbidea ez zegoela soilik gure esku, ezin genuela gure gain bakarrik hartu ikusi genuen» azaldu dio TTIPI-TTAPAri Ainhoa Gonzalez Leitzako Osasun Etxeko Pediatriako erizainak,  «argi dugu obesitatea gizarte guztia barne hartzen duen arazoa dela eta denon inplikazioa beharrezkoa da egoerak hobera egiteko».  

Martxoan deitu zuten aurreneko bilera eta eragile gehienek harriduraz hartu omen zuten berria, «baita kezka eta ardura puntu batekin ere». Ez zuten inolako zalantzarik izan talde motore bat osatzeko, eta ordutik ia hilabetero biltzen dira, «hamar bat laguneko taldea elkartzen gara, gurasoak, hezitzaileak, profesionalak eta gizarteko hainbat eragile. Jendea gogotsu dago eta taldea oso dinamikoa da».

Elkarrekin lan eginda emaitza hobeak lortu nahi dituztela azpimarratu dute Kikili Saldako kideek: «eraginkorragoak izanen gara, mezu bera zabaldu, gaiari hainbat adarretatik heldu eta lana koordinatuta eginen dugulako».

 

Helburuak

Bi helburu nagusi dituzte: «adin txikikoen obesitatea murriztea eta elikadura-ohitura osasuntsuak bultzatzea» eta horretarako, «urtero-urtero adin txikikoen obesitatea murrizteko balio duten kanpainak, ekintzak eta baliabideak herritarrei eskaini nahi dizkiegu».

 Ikuspuntu positibo batetik lan egin nahi izan dutela ere azpimarratu du Oihane Calderon Gizarte Zerbitzuetako prebentzio teknikariak: «negatiboak izan daitezkeen datuetan zentratu ordez, ohitura osasuntsuetan jarri nahi izan dugu oinarria».

 

Oinarrizkotik hasita

Oinarrizkotik hastea erabaki dute: «elikadura osasuntsuak dakartzan onurak zeintzuk diren zabaldu eta familietan osasungarriak diren aldaketak bultzatzea ezinbestekoa da». Aldaketa ez elikaduran bakarrik, jaten dugun horrek adinako garrantzia duelako ariketa fisikoak: «pantailak geroz eta sendentariogoak izatea eragiten du. Oso ariketa fisiko gutxi egiten dugu. Haurrek mugimendua behar dute, kalea behar dute». Kikili Saldaren bidez, formazio hori eskaini nahi dute: «ikuspegi kritiko batetik erosketak egiteko eta gure aisialdia kudeatzeko beharrezkoa den ezagutza  jaso beharra dugu».

 

Ezagutza falta

Gaiaren inguruko kontzientzia piztu nahi dute eta horretarako heziketa da giltza Kikili Saldako kidea den Eneritz Mujika dietistaren ustez: «tamalez ez dakigu benetan zer jaten dugun eta arazo handia da hori. Jaten dugunaren jatorria ezagutzea ezinbestekoa da, baita ekoizpen prozesua nolakoa den jakitea ere. Soilik horrela izanen gara gure osasunarentzat egokienak diren jakiak aukeratzeko gai». Beraz, etiketak irakurtzen ikasi eta kontzeptuak ulertzea gakoa da: «erosketa-ohiturak aldatu behar ditugu, bertako produktuei, produktu naturalei toki gehiago eginez; kalitateko produktuak kontsumituz».

Badakite ez dela nolanahiko erronka, ´merkatuak ere ez duela laguntzenª salatu du Calderonek: «haurrentzat aproposak ez diren elikagaiak eskaintzen dituzte, beraientzat erakargarriak diren marrazkiak erabiliz eta errazioen banaketa plastikoetan prestatuta ekarriz. Marketinak gure begietan du eragina eta hor engainatzen gaituzte».  

 

Ekintza lerroak

Begiak pixkanaka ireki eta ohiturak aldatzea da helburua: «bortxatu gabe, derrigortu gabe». Hasteko, azukrearen gaiari heldu nahi izan diote, «oso modu gardenean eta inkontzientean kontsumitzen den produktua delako». Hala, azukrerik gabeko astea izendatu zuten azaroaren 11tik 17ra artekoa eta hainbat ekintza antolatu zituzten: Libe Garmendia dietista-nutrizionistaren eskutik gaiari buruzko informazioa jaso zuten ikasle eta familiako kideek. Institutuko ikasleek Kikili Salda taldearen logotipoa ere diseinatuko dute, «datorren urtearen hasieran hasiko gara erabiltzen. Gizarte zerbitzuaren laguntzarekin, fruta-kanpaina egin eta eskolako joan-etorri aktiboak ere bultzatu nahi ditugu»..

Sua piztuta, eltzea osagaiez betetzen hasiak dira dagoeneko. Denen artean idatziko dute errezeta. Adin txikikoentzat osasungarria izanen den bizi-eredu bat  eraikitzeko, Kikili Salda martxan da.

AINHOA GONZALEZ, PEDIATRIAKO ERIZAINA

«Arazo honen irtenbidea ez dago soilik gure esku. Argi dugu obesitatea gizarte guztia barne hartzen duen arazoa dela eta denon inplikazioa beharrezkoa da egoerak hovera egiteko».

 

 

Kikili salda lantaldeko kideetako batzuk

Oihane Calderon, Gizarte zerbitzuak

«Garrantzia ematen diogu bizimodu osasuntsua izatearen ideiari, baina merkatuak ez du gehiegi laguntzen. Gainera, formazioa falta zaigu ikuspegi kritiko batetik erosketak egiteko eta gure aisialdia ongi kudeatzeako».

Junkal Otxotorena, udaleko zinegotzia

«Datu kezkagarriak eta kontuan hartzeko modukoak dira. Herritarrei informazioa eman eta eragileekin gaia lantzen saiatu gara, elkarlanean. Ezin dugu ostrukarena egin eta gertatzen ari denari kasurik ez egin».

Maite Perurena, Leitzeko kontsumo taldea

«Guztion onerako izanen den kontsumo eredu osasuntsua, burujabea, justua eta jasangarria sustatu behar dugu. Elikagai osasuntsuak kontsumitu behar ditugu, produktuen kalitateari eta ekoizleen baldintzei erreparatuz».

Jone Arraras, Nazabal eskolako zuzendaria

«Eskolan ikasleekin eta gurasoekin zeharka, ohitura osasuntsuetan kontzientzia hartzen lagundu dezakegu, bideak egin eta baliabideak eskainiz. Garai batekora bueltatuta, oilo salda eta eltzari gehiago eta prozesatu gutxiago kontsumituz».

Eneritz Mujika, dietista

«Elikatzeko bidezkoagoak, osasungarriagoak eta iraunkorragoak diren alternatibak aztertu behar ditugu. Gaur egun, oso eskura ditugu jaki industrialak eta ugaritasun horren ondorioz obesitatea XXI.mendeko arazo bihurtu da».

Amazabal guraso elkartea, Gurasoak

«Elikadura ohiturak, batez ere, etxean hartzen direnez, ardura handia dugu gurasook. Eredu gara gure seme-alabentzat eta kontuan izan behar dugu txikitan hartzen dituzten ohiturek eragin handia dutela bizitza osoan».

Pello Zestau, Amazabal institutuko zuzendaria

«2020/2021 ikasturterako Osasuna sustatzen duten eskolen sarean sartzeko lanean ari gara. Proiektu hau aurrera eramateko, garran-tzitsuak dira Kikili Saldan biltzen diren ideiak, errealitatera ahalik eta gehien egokitzeko».

Arantxa Azpiroz, Erleta eskolako zuzendaria

«Gaiaren inguruan hausnarketa egiteko balio izan digu lantaldean sartzeak. Ikasle eta gurasoekin gaia landu eta eskolako jangelako menuak hobetu ditugu, bertako produktuei toki gehiago eskaini eta alternatibak gehituz».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun