Feria egun handia izanen dute Goizuetan azaroko azken larunbatean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko aza. 28a, 08:30
Bertako produktuekin osatuko dute bazkariko menua.

Hamaseigarren edizioa izanen du aurten azienda, artisau eta nekazaritza feriak. Azaroko azken larunbatean, hilaren 30ean,  saltzaile eta bisitariek bat eginen dute plaza inguruan. Herri kirolek ere tokia izanen dute eguneko ekintzen artean eta bazkaria eta musikarekin borobilduko dute eguna. 

Goizean, 10:00 aldera, hasiko da feria. Talogileen postuak, trikitilariak, salmenta-postuak... ez dira faltako. 11:00etan ardien eta behorren itzulia eginen dute eta 12:00etan herri kirol desafioa ikusteko aukera izanen dute plazara hurbiltzen direnek.
14:00etan bazkaltzeko bilduko dira. Txartelak dagoeneko salgai daude Amaia kafetegian. Bertako produktuekin osatu dute menua: babarrunak, betizu gisatua eta postrea. Langileek 21 euro ordaindu beharko dituzte, ikasle eta langabeek 18 euro, bederatzi eta hamasei urte artekoek 10 euro eta haurrek doan. Txartelak erosteko azken eguna azaroaren 28a izanen da. Eguna dantzan bukatuko dute Bixente musikariak jotako piezen erritmora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun