Euskararen Egunaren aitzakian egun beteko pesta izango dute Areson

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 29a, 12:00
Herriko musikari gazteekin trikipoteoa egingo dute.

Panpanoziri aldizkariaren bosgarren alea banatuko dute

Abenduaren 3an, asteartean,  Euskararen Eguna ospatuko dute aresoarrek. Egitaraua denen artean ontzen aritu dira eta elkarlanean prestatu dute beste urte batez pesta egun borobila izanen dena.

Jolasean hasiko dute eguna, 11:00etan elkartu eta garai bateko jokoak berreskuratuko dituzte. 12:30 aldera trikipoteoa egingo dute herriko musikari gazteekin eta Pake Toki eta Larrea elkarteetan pintxoak eskainiko dituzte. Eguna aprobetxatuz, bi urtetik behin argitaratzen duten Panpanoziri herriko aldizkaria banatuko dute.

 

Banabar eta euskal jantzi txapelketa
Aurtengo berrikuntza banabar txapelketa izango da. Parte-hartzaileek eguerdirako etxetik prestatuta eraman beharko dituzte banabar kaxolak. Banabar jatea egingo dute gero Pake Toki Elkartean eta bazkalondoan musean aritzeko tartea ere izango dute. Herritarrak baserritarrez janztera animatu nahi dituzte eta pasa den urtean bezalaxe, jantzi dotoreena daramanak saria izango du. 
Euskal kantuek goxatuko dute iluntzera arteko tartea. 17:00etatik aurrera Trikidantz taldeko Leire Onsalo eta Jorgitok kontzertu akustikoa eskainiko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun