Azaroak 25

'Mugitu!' lemapean azaroaren 25arekin lotutako egitarau potoloa prestatu dute Leitzaldean

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 20a, 10:30

Azaroaren 21ean hasi eta abenduaren 1era arte hainbat ekitaldi dituzte prest.

Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan programazio zabala osatu du. Leitzan eta Goizuetan izanen dira ekitaldiak.

Azaroaren 21ean,  ostegunarekin, Volar dokumentalaren emanaldia izanen dute Leitzako Atekabeltzen 19:30ean. Gainera, protagonistekin solasean aritzeko aukera izanen dute.

Azaroaren 23an, larunbatean, Kolonbiako elikadura burujabetzaren aldeko emakumeen bizipenak aditzeko aukera izanen da 12:00etatik aurrera Leitzako Atekabeltzen. Maria del Socorro Pisso Mazabuel, Kolonbiako Fensuagro erakundeko ordezkaria gonbidatu dute eta landa eremuko emakumeak indarkeriari nola aurre egiten ari diren  azalduko du.

Azaroaren 24an, igandean, Torrean izanen dute pesta. 13:00etan poteo feminista eginen dute eta 14:30ean emakumeak bazkaltzeko bilduko dira (bazkariko txartelak Torrean jarri dituzte salgai: langabetuek 13 euro eta langileek 16 euro). 16:00ean Sastrakak Leitzaldeko Feministek antolatuta, Mito, izaki eta kondairak  ipuin-kontaketa saioa eskainiko du Nerea Ariznabarretak. 18:00etan, berriz, Maria Riverok kontzertua eskainiko du Torrean.

Azaroaren 25ean, astelehenean, Sastrakak Leitzaldeko Feministek kontzentrazioa eginen dute Lopenean 19:30ean. Askeak goiburupean elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Goizuetan, berriz, goiz-goizetik prenda morea janzteko deia egin dute eta 17:30ean plazatik abiatuta kalejira morea eginen dute, herritik globo moreak bilduz. Bukaeran, argazkia aterako dute plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun