Arnasguneen inguruko saio atsegina eta interesgarria izan zuten larunbatean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 19a, 12:42

Hogeita bost lagun elkartu ziren larunbatean Leitzan egindako Arnasa Gara ekimenaren aurkezpenean. Arnasguneen inguruko azalpenak eta argibideak eman zituen Kristina Urrutiak. Kartzela web seriea primizian ikusteko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek baita seriean parte hartu duten bi aktorerekin hitz egiteko aukera ere. Haien bizipenetatik abiatuta arnasguneen inguruko gogoeta eta eztabaida interesgarria sortu zen.

Olerki bat irakurrita hasi zen emanaldia, kanpainaren spota eman zuten ondoren, eta Kristina Urrutiak, saioko aurkezleak, hartu zuen hitza. Arnasguneen inguruko azalpenak eta argibideak eman zituen, zer diren azaldu zuen, eta batez ere azpimarratu zuen arnasgune horiek zergatik diren euskararentzat hain garrantzitsuak. Azalpen horiek entzunda, abendutik aurrera ETBren plataformetan ikusi ahalko den webserieko bi kapitulu, lehendabiziko biak, ikusi zituzten, 10 bat minutukoa horietako bakoitza. Kartzela du izena webseriek, eta sei aktorek parte hartzen dute bertan. Bideoak ikusita, aurkezleak zenbait galdera egin zizkien  web seriean parte hartu duten aktoreei.

Haien bizipenetatik abiatuta, arnasguneen errealitatearekin lotutako zenbait gogoeta egin zituzten. Bertaratuek ere izan zuten parte hartzeko aukera, eta eztabaida edo gogoeta intersagarri bat sortu zen. Arnasguneen errealitateari buruz hitz egin zuten, arnasguneen funtzioaz, garrantziaz, erabileraz, zailtasunez eta erronkaz, euskalkiez... Guztira, ordu eta laurden inguruko «saio arina, atsegina eta interesgarria» izan zela azaldu dute bertan izan zirenek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun