Bertako produktuei eta ekoizleen lanari balioa emateko asmoz sortu zen azokaren bosgarren edizioa «arrakastatsua» izan zen oso antolatzaileen hitzetan. Eguraldi txarra tarteko, Amazabal pilotalekura lekualdatu behar izan zuten azoka baina horrek ez zuen giroa batere zapuztu. Goizeko 10etan ireki zituzten azokako ateak eta 14:00 ingurura arte jende asko ibili zen joan-etorrian; bertako ekoizleen eskaintza ikusi eta batean eta besteak produktuak erosiz. Musikarik ere ez zen falta izan, Leitzako txistulari eta trikitilariak arduratu ziren azoka girotzeaz.
Aukera zabala
Hamalau barazki postu, ogia eta glutenik gabeko gutiziak eskaintzen zituen postu bat, gozoak saltzen zituen beste bat, hiru ezti postu eta ukenduen bestea jarri zituzten. Errigora eta LeitzEkoko eragileek ere jarri zuten postu bana. Horretaz gain, taloak eta burduntzian prestatutako txerriki pintxoak ere saldu zituzten.
Aziendak ere izan zuen bere txokoa. Txekorra, zaldiak, pottokak, zerriak, astoak eta antzarak jarri zituzten kanpoaldean eta hegazti eta untxiak barrenean.
Sagardoa nola egiten den ikusteko aukera
Aurtengo berrikuntza Leitzako Sagardoaren Adiskideak taldeak eskaini zuen. Azokan bertan sagardoa egiteko prozesua erakutsi zuten, hasieratik bukaerara. 220 litroko kupela bete zuten eta ateratako muztioa probatzeko eman zuten. Sagardoa kupelean onduta, ekainean egiten den Sagardo egunean dastatzeko aukera izanen da.