«Goian mantentzea zaila izanen da baina ez naiz saiatu faltan geldituko»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 14a, 16:00
Iker Salaberriak profesionaletako ibilbidea ederki hasi zuen azaroaren 1ean. Rezustarekin bikotea osatuz, partida ederra jokatu zuen eta 13-22 irabazi zuten.

Iker SALABERRIA ORBEGOZO Goizuetako pilotaria

Haurra zenetik attaren arrimuan frontoiz frontoi ibili den pilotari gazteak profesionaletara saltoa egin du. Hilabete hasieran Tolosan egin zuen debuta, garaipen garbiarekin.

Urte borobila izaten ari da Iker Salaberria Orbegozorentzat (Goizueta, 1999). Haurra zenetik txapel mordoxka irabazitakoa da pilotan. Zehatz esateko, 98 jantzi ditu guztira, eta horietatik ia hamar aurten eskuratu ditu. Hala ere, ez du txapel sortak egin urtea berezi 20 urteko gaztearentzat; koxka bat gora egin eta profesionaletarako saltoa egin izanak baizik. 3-4 urterekin attarekin pilotan hasi eta atta pilotako epaile izanda bere arrimuan frontoiz frontoi ibili zen mutilari «ttikitako ametsa» egia bihurtu zaio. Aspe pilota enpresarekin bi urtetarako kontratua sinatu du. Berriki egin du debuta, azaroaren 1ean Tolosan, eta ez nolanahi gainera. 13-22ko emaitzarekin partida irabazteaz gain, bikain jokatu zuen goizuetarrak. Estreinako partida gaindituta, argi du zein izanen den hemendik aurrera bere helburua: «pixkanaka gora egin nahi dut eta ea urte asko egiten ditudan goian pilotan jokatzenª. 

Nondik datorkizu pilotarako zaletasuna? 

Ttikitatik afizio handia eduki dut. Haurra nintzela beti pilotan aritzen nintzen eta jokatzen ez bazen, pilota poltsikoan ibiltzen nintzen, noiznahi aritzeko prest. Asko gustatzen zait eta ordu asko sartutakoa naiz; bai attarekin baita lagunekin ere. 

Haurra zenetik txapel andana jantzi ditu Salaberriak. Argazkia 2009koa da.

Goizuetako Umore Ona pilota eskolan hasi eta handik Doneztebeko Erreka elkartera joan zinen... 

Bai, bederatzi edo hamar urterekin, Errekara joan behar izan nuen. Goizuetan ez zegoen pilotan jokatzen zuen nire edadekorik eta pilotan segitzeko Doneztebera joan nintzen. Orain arte hantxe egon naiz, hamar bat urtez, baina Umore Onarekin beti oso ongi moldatu izan naiz. 

Atta izan duzu erakusle? 

Bai, hasiera-hasieratik, eta orain arte erabat berekin ibili izan naiz. Goizuetako pilota eskolaz bera arduratzen da eta ttiki-ttikia nintzela berarekin hasi nintzen. Geroztik frontoietara beti lagundu izan dit eta entrenamenduetara ere nirekin ibili izan da. Gainera, orain dela urte batzuk arte profesionaletan epaile lanetan ibiltzen zen eta eskutik hartuta Labritera edo epaile lana egitea tokatzen zitzaion tokietara berekin joaten nintzen; aldageletan pilotariekin hitz egiteko aukera izaten nuen eta gustura ibiltzen nintzen. Orain niri tokatuko zait hola ibiltzea. 

Ttikitako ametsa egia bihurtu da? 

Bai, bai. Nik uste pilotan ibiltzen garen guztion ametsa profesionaletara pasatzea dela. Gutti batzuk lortzen dugu eta niri aukera eman didatenez, ahalik eta gehien gozatu eta bide honetan dena eman nahiko nuke.  

«Beti bada goizuetar pilotariren bat goi-mailan»

Zer du Goizuetak goi-mailako hainbeste pilotari ateratzeko? 

Herrian beti pilota izan da kirol nagusia. Futbolean aritzeko baliabiderik ez dugu eta beti frontoian ibili izan gara, eta egia da pilotari asko atera direla hemendik: Aimar eta Asier Olaizola, Jon Apezetxea, Joxe Julian Salaberria... eta orain ni. Beti bada goizuetar pilotariren bat goi-mailan.

Asperekin profesionaletarako saltoa egin duzu. Nola hartu zenuen berria? 

Abuztuan esan zidaten eta hasieran zur eta lur gelditu nintzen. Siestatik esnatu nintzenean deiak eta Inaxio Errandonearen mezu bat ikusi nituen, deitzeko esanez. Asperekin debutatzeko aukera eskainiko zidatela esan zidanean, lehenbiziko bost egunak ezin sinetsiz pasatu nituen. Gerora, pixkanaka-pixkanaka mentalizatzen hasi nintzen. Egia esateko ilusioz eta oso kontentu nago.  

Baiko enpresarekin ere solasean ibili zinen... 

Bai, entrenatzen ibili nintzen, baina ekainean Arretxeri kontratua berritzea erabaki zuten eta ez zidaten aukerarik eman. Hala ere, ez dut hori buruan. Beste aukera bat etorri zait eta oso gustura nago. 

«Lau eta erdikoa irabazteak eginen lidake ilusio handiena»

Asperekin bi urterako kontratua sinatu duzu. Nolako urteak espero dituzu? 

Pausoak emanez goraka egin nahi nuke eta ea goian urte asko egitea lortzen dudan. Pilotari guztion ametsa goian ahalik eta urte gehien egitea da, eta hori lortzeko asko entrenatzen dugu. Badakit zaila izanen dela, baina saiatu faltagatik behintzat ez dadila izan.  

Urte berezia izan da aurtengoa. Txapel asko lortu dituzu... 

Bai, nik uste aurtengoa nire urterik onena izan dela. Kantxan asko disfrutatu dut eta fisikoki ere hobeki sentitu naiz. Emaitzak onak izan dira, baina hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zait aldiro ongi jokatzea eta gozatzea. 

Asperekin entrenatzen hasi zarenetik nolakoa da zure asteroko martxa? 

Astelehen, asteazken eta ostiraletan alderdi fisikoa lantzen dugu Tolosako gimnasioan, eta astearte eta ostegunetan frontoian pilotan aritzen gara, gehienetan Tolosan, eta batzuetan IruÒean edo Idiazabalen. 

Alde handia sumatu duzu Asperekin entrenatzen duzunetik? 

Hasieran, abiadura eta erritmo biziagoa nabaritu nituen. Baina aste hauetan nahiko ongi egokitu naiz, entrenamendu onak egiten ditugu eta ongi sentitzen naiz.

Pilotan, zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke? 

Aurrelari errematatzailea naizela esanen nuke. Agresiboa izatea gustatzen zait eta orain arte defentsan ere nahiko ongi ibili naiz. Ea hemendik aurrera nola moldatzen garen.

Eta hobetzeko zer duzu? 

Botean eskuinarekin, gantxoa... Badut zer ikasia eta horretan ari gara Jon [Apezetxea] eta Jokinekin [Etxaniz]. Ea poliki-poliki ikasten dugun.

Zergatik aurrelari? 

Ttikitatik aurrean ibili naiz. Aurreko jokoa gehiago gustatzen zait eta dauzkadan ezaugarriekin atzean ez nintzateke moldatuko.

Partidetan urduritasunak gain hartzen dizu? 

Ez naiz asko urduritzen den horietakoa. Urteekin kontrolatzen ikasi dudan zerbait da.

Pilotako bere ibilbidean txapelketa ugaritan parte hartu du. Argazkia 2015ekoa da.

Ikasten ere ari zara... 

Bai, Andoainen goi-mailako mekanizazio zikloa egiten ari naiz. Aitortu behar dut nire egunerokoan ikasketek baino garrantzi handiagoa duela orain pilotak. Hortik bizi naiz eta lehentasuna pilotak du. Hala ere, argi dut pilotan jokatuagatik ikasketak ezin ditudala alde batera utzi. Goi-mailakoa bukatuta, ikasten segituko dudala uste dut; beharbada irakasle ikasketak eginen ditut. 

Nolako etorkizuna ikusten diozu pilotari? 

Ona. Ez dakit Aimar eta Irujo bezalako pilotaririk aterako den, baina beti izanen dira pilotari onak. Gaur egun ere gazte asko dira onak: Altuna, Irribarria... Eta gehiago ere izanen dira.

Zein helburu dituzu pilotan? 

Hasierako helburua hobetzea izanen da, pausoak pixkanaka-pixkanaka gora eta aurreraka ematea eta finalen bat edo bestelako aukeraren bat tokatzen bazait ahalik eta gehien aprobetxatu nahiko nuke. 

Zein txapel janzteak eginen lizuke ilusiorik handiena? 

Beti lau eta erdikoa gustatu izan zait. Afizionatuen mailan nahiko ongi moldatu naiz eta ilusio handia eginen lidake profesionaletan lau eta erdiko txapel bat janzteak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun