Leitza eta Aresoko 20 ekoizle bilduko ditu azaroaren 17ko azoka bereziak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 14a, 06:30
Sasoiko produktuak jarriko dituzte salgai bertako ekoizleek.

Hamar abeltzainek emanen dituzte aziendak eta aurrenekoz sagardoa eginen dute azokan bertan.

Bertako produktuei eta ekoizleen lanari balioa emateko asmoz sortu zen azokak bosgarren edizioa beteko du azaroaren 17an. LeitzEko kontsumitzaileen elkarteak, Udalak eta boluntarioek antolatzen duten azoka berezian, ikusi, erosi eta jan-edanerako tartea izanen da. 10:00etan irekiko dituzte azokako ateak eta 14:00 ingurura arte egonen da zabalik. Eguraldi onarekin plazan egiteko asmoa dute baina eguraldi iragarpena ez bada aldekoa, Amazabal pilotalekuan izanen da.

Aukera zabala
Denera, hogei postu jarriko dituzte: hamalau barazki postu, ogia eta glutenik gabeko gutiziak salduko dituen postu bat, gozoak salduko dituen beste bat, hiru ezti postu eta ukenduen bestea. Horretaz gain, taloak eta burduntzian prestatutako txerriki pintxoak ere salduko dituzte. Aziendak ere ez dira faltako. Hamar baserritarrek oiloak, txekorrak, zaldikoak, pottokak... eramanen dituzte. 

Sagardoa nola egiten den ikusteko aukera
Aurtengo berrikuntza Leitzako Sagardoaren Lagunak taldearen eskutik heldu da. Azokan bertan sagardoa egiteko prozesua erakutsiko dute eta muztioa jarriko dute salgai. Kupeletan gordeko dute gero, eta ekainean izaten den Sagardo Egunean dastatzeko aukera izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun