«Denok dugu zer ikasia eta zer erakutsia»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 12a, 13:00
Ainhoa Ansak eskaintzen ditu Mendialdea Mankomunitateak antolatutako tailerrak.

Ainhoa ANSA ZUGARRAMURDI

Mendialdea Mankomunitatearen eskutik hondakinen murrizketa eta berrerabilpena indartzeko helburua duten tailerrak egin dituzte Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan. Azkeneko saioa azaroaren 14an dute Leitzako eskolan 11:00etan 'Dakienak ez dakienari erakutsi' izenburupean auzolana eta elkarreragitea dute ardatz. Ansa aritu da tailerrak gidatzen.

Zer da lantzen ari zaretena?
Adineko jendeak daki, gutako askok baino hobeki, gutxirekin edo juxtukoarekin nola bizi daitekeen. Egoerak behartuta, halabeharrez, batez ere haurtzaroan edota gaztaroan egoera hori askok bizi izan dutelako. Gaur egun, 'zer ikusi, hura nahi' baldintzarekin bizitzen ikasten dugu, baina gure kontsumo ohiturek ondorio nabarmenak dituzte ingurumenean. Horretan pentsaraztea da tailerraren helburua, batez ere zaborren murrizketan begirada jarriz.

Elkarri erakustearen garrantzia azpimarratu duzue...
Bai uste dugu adineko jendeak, baina baita kontsumo ohituren inguruan pentsatzen hasia den jende askok ere, baduela zer erakutsia zaborrak murrizteaz behin ere pentsatzen jarri ez denari.

Ohiturak aldatzeko premia handia dago?
Beti dago zer hobetua, eta zaborren murrizketan ere, zer, non, noiz, nola...erosi bi aldiz pentsatzea guztiok egin beharreko ariketa da.

Berrerabilpenean eta zaharberritzean jarri duzue fokua...
Bigarren saioan etxean zabor izateko puntuan dagoen zerbait ekarri eta bigarren bizitza bat ematen saiatu gara. Horrela denen artean saiatuko gara berrerabilpenaren ariketa egiten, zabortegietara edo garbigunera buelta gutxiago egiteko; inguruak eskertuko digu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun