Azukrearen gazi-gozoak hizketagai izanen dituzte aste honetan Areso, Leitza eta Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 12:27
Azukrea ordezkatzeko alternatibak emanen dituzte.

Izena-emateko epea gaur, hilak 11, bukatuko da 13:00etan

Azukrerik gabeko astea izendatu dute azaroaren 11tik 17ra artekoa eta horrekin lotuta, hitzaldia antolatu du adin txikikoen obesitateari irtenbidea emateko sortu berria den Kikili Salda lantaldeak. Azukrearen gazi-gozoak azalduko ditu Libe Garmendia dietista-nutrizionistak azaroaren 12an Areson  eta Leitzan eta azaroaren 15ean Goizuetan.

Obesitatea duten adin-txikikoen kopurua hazten ari dela ikusita, Kikili Salda lantaldearen barrenean bildu dira Leitzaldeko hainbat herritar. Gurasoak, hezitzaileak, gizarte zerbitzuetako ordezkariak, Udala eta herriko hainbat eragile elkar-hartuta ari dira lanean. Aste honetako hitzorduak baliatuta, Kikili Saldaren aurkezpena eginen dute eta Libe Garmendia dietista-nutrizionistaren eskutik etiketak irakurtzen ikasi eta azukrea ordezkatzeko alternatibak ikasteko aukera izanen dute. 

Azaroaren 12an, asteartean, 15:00etatik 16:30era bilduko dira Aresoko Batzar Aretoan eta 17:00etatik 18:30era Leitzako Institutuko Liburutegian. Goizuetan, azaroaren 15ean, ostiralean, izanen dute hitzordua 19:00etatik 20:30era eskolako jangelan.

Hitzaldira joan nahi dutenek, eskolako galdetegiaren bidez edo Anikote Kiroldegira, azaroaren 11ko 13:00ak baino lehenago deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun