Coppieters Saria jaso du Patxi Zabaleta leitzarrak Bruselan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 6a, 13:30

«Azken 40 urteotan Euskal Herriko politikagintzan egindako lanagatik», eta bereziki «euskal ezker nazionalean bide demokratiko eta baketsuen alde erakutsitako lidergoagatik» Coppieters Fundazioaren eskutik izen bereko saria hartuko duu Patxi Zabaleta leitzarrak azaroaren 6an Bruselan eginen den ekitaldian.

Kultura eta hizkuntza aniztasuna, autodeterminazio eskubidea, bakea, demokrazia eta gisako balioak sustatzen dituztenak saritu eta aitortzen ditu urtero Coppieters Fundazioak sari honekin. Lanbidez abokatua den leitzarraren kasuan, 40 urtez Euskal Herriko politikagintzan egindako lana azpimarratu nahi izan du: Herri Batasunean, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean, Aralarren, Nafarroa Bai koalizioan eta EH Bildun egindako lana, hain zuzen. Politikan egindako ibilbideaz gain, kultura eta euskararen alde egindakoa ere aitortu nahi izan dio fundazioak. Zabaleta euskaltzain osoa da 1987az geroztik, San Fermin ikastolaren eta Arturo Campion euskaltegiaren sustatzailea izan zen eta horrez gain, idazle gisa ere hainbat lan argitaratutakoa da.

Saria emateko ekitaldian, Zabaletarekin batera, Camilo Nogueira galiziarra saritu du Coppieters Fundazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun