Mikel Nieve: «Liderra izan ala ez, maila erakutsiz geroz goian ibil zaitezke»

G.PIKABEA 2019ko urr. 31a, 10:30
Hamaika urte daramatza profesionaletan Mikel Nieve Iturralde leitzarrak.

Mikel NIEVE ITURRALDE / Leitzako txirrindularia
Ttikitako jolasa bizimodu bilakatua du Leitzako txirrindulariak. Dagoeneko hamaika urte pasatu dira profesionaletarako saltoa egin zuenetik eta ibilbidearen errepasoa egin du Ttipi-Ttaparekin.

Oroitzapen onek denboran irauten duten seinale dira Mikel Nieve Iturralderen (Leitza, 1984) ttikitako pedalkadak. Ez ditu ahaztuak haurra zela lagunartean bizikletan ibitzen zeneko «oroitzapen politak»,   ezta «Miguel Indurainek Frantziako Tourrak irabazi zituen urteak» ere. «Kuadrillan bizikletan ongi pasatzen» zuela ikusteak  «9-10 urterekin Leitzako bizikleta eskolan» hasteko bidea ireki zion. Hortik aurrera sekula pentsatuko ez lukeen ibilbidea egin du. Hamaika urte badira profesionaletarako saltoa egin zuenetik eta «ttikitako ametsa bete» izanak sortzen dion ilusioarekin, gozatzen segitu nahi du.

Hamaika urte pasatu dira profesionaletan hasi zinenetik. Nolako bilakaera egin duzu? 
Urte batzuk joan dira, baina denbora nahiko azkar pasatu dela esanen nuke. Profesionaletan hasi nintzenean, ez nukeen inondik inora pentsatuko goian hainbeste urte eginen nituenik. Afizionatuetatik profesionaletarako saltoa egin nuenetik nire maila erakusten aritu naiz, eta urteotan maila hobetu dudala eta profesionaltasun hori zer den ikasi dudala uste dut. Nire aldetik errendimendurik onena ateratzen saiatzen naiz eta alde horretatik pozik nago.

Gazterik hasi zen txirrindularitzan nabarmentzen. Argazkia 2002koa da.

Mailarik gorenera ailegatu zara? 
Bai. Nahiko emaitza onak lortu ditut. Ongi nagoenean hoberenengandik nahiko hurbil egoteko gai izan naiz. Askotan zailena ez da mailarik onenera ailegatzea izaten; batzuetan zailagoa izaten da urtez urte goian mantentzea eta lortzen ari naizela esanen nuke.

2008an Orbea taldearekin debutatu zenuen, 2009an Euskaltel-Euskadin ibili zinen 2013an desagertu zen arte, gero Sky-ra pasatu zinen eta lau urte egin zenituen, Orican ere ibili zinen eta orain Mitchelton Scott-en ari zara. Zer eman dizu bakoitzak? 
Ez da erraza esatea. Orbean esperientzia gutxiko txirrindulariak sartu ginen, denak aurreneko urtekoak, eta lasterketa bakoitza erdi abentura izaten zen. Taldeak zerbait berria ezagutzeko eta lasterketetan sufritzen ikasteko aukera eman zidan. Euskaltelen, berriz, lantalde profesionalagoa topatu nuen, eta profesional izaten eta nire mailarik hoberena ematen hasi nintzen. Beste taldeetan, hainbat kultura eta bazter askotako jendea ezagutzeko aukera izan dut; hori ere aberasgarria izan da.

Alde handia sumatu duzu talde batetik bestera? 
Bai, batez ere Euskalteletik Skyra. Sky oso talde handia da eta jende asko mugiarazten du. Taldean beste kultura bat ezagutu nuen, lan egiteko beste modu bat, eta egia esan, asko gustatu zitzaidan. Esperientzia oso aberasgarria izan zen Skyn egindako egonaldia. Mitchelton antzekoa da, pixka bat ttikiagoa, baina lan egiteko modua berdintsua da eta oso gustura nago.

Euskaltelen zela, Giroan (2011n) eta Vueltan (2010ean) etapa bana irabazi zituen.

Sky taldea zeronek utzi zenuen... 
Kontratua bukatzekotan zela, Mitcheltonen proposamena jaso nuen. Eskaintza gustatu zitzaidan eta taldez aldatzeko momentua zela  pentsatu nuen. 

Beste talderen batetik eskaintzarik izan duzu? 
Bai, eta alde horretatik pozik nago. Seinale ona da eta nire lana baloratzeko modu polita.
Onenen artean laguntzaile moduan ikusi izan zaitugu. Taldeko liderra izatea gustatuko litzaizuke? 
Ez dut behar hori sentitzen. Liderra izan ala ez, errepideak erabakitzen du zein den ongi ari dena. Lasterketa handi bat irabazteko bestelako kalitatea behar dela badakit. Oso ongi nagoenetan nahiko hurbil ibili izan naiz, baina ez da liderra izan beharrik lasterketa bat irabazteko. Liderra izan ala ez, maila erakutsiz gero, nahiko goian ibiltzen ahal da. 

Itzuli handienetan ibili zara... Zein da zure gustukoena? 
Zaila da aukeratzea, itzuli bakoitzak zerbait berezia baitu. Italiako Giroan, Frantziako Tourrean edo Espainiako Vueltan momentu politak izan ditut eta gustura ibili naiz. Hala ere, beharbada oroitzapen berezienak Girokoak ditut; Italia aldean ibiltzea gustatzen zait. 

Giroan etapak irabazi dituzulako? 
Izan daiteke, baina lasterketa bera ere gustatzen zait. Italian txirrindularitza nola bizi duten eta nola animatzen gaituzten ikustea polita da... Giro ederra sortzen da. 

Mikel Nieve Iturralde leitzarra 2018az geroztik Mitchelton Scott taldeko txirrindularia da.

Emaitza onak lortu dituzu aurten. Vueltan 10. postuan, Giroan 17. sailkapen orokorrean eta bosgarren mendikoan, zortzigarren Euskal Herriko Itzulian... Zer moduzko urtea izan da? 
Ona. Paris-Nizan eroriko pare bat izan nituen eta denboraldi hasiera pixka bat aldrebestu zitzaidan. Baina gero, Euskal Herriko Itzulian oso gustura ibili nintzen, Italiako Giroan ere nahiko pozik gelditu nintzen, eta denboraldi bukaeran, Espainiako Vueltan, saltsan behintzat ibili nintzen. Ez nuen gustatuko litzaidakeen sentsaziorik onena eduki,  baina azken astean nahiko ongi sentitu nintzen eta aurreneko hamarren artean sartuta, egindako lanak itxura pixka bat hartu zuen. 

35 urterekin nola ikusten duzu txirrindularitza? 
Oso ongi. Azken urteotan gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta gero eta jende gehiago dabil bizikletan. Ni ere txirrindu- laritzarekin gozatzen ari naiz.

Zer eman dizu txirrindularitzak? 
Gauza asko. Bizitzeko eta bizitza ulertzeko modu bat, esperientzia, beste hizkuntza bat, herrialde eta jende asko ezagutzeko aukera... Alde askotatik oso aberasgarria izan da. 

«Gora ailegatzea baino zailagoa da goian mantentzea»

Eta kendu? 
Kendu ere egin dit. Bizitza sakrifikatua da. Lagunekin edo familiarekin egoteko denbora asko kentzen du. Orain haur ttikia dugula, oraindik gogorragoa egiten zait. Emaztearengandik eta umearengandik urrun egotea da gehien kostatzen zaidana.

Txirrindularitza eta familia uztartzeko nola moldatzen zara? 
Denok moldatu behar izaten dugu. Emaztearen eta familiaren laguntzarik gabe, ezinezkoa izanen litzateke. Egun asko pasatzen ditut etxetik kanpo, etxean gaudenean ere nire entrenamenduak egin behar izaten ditut, deskantsatu ere egin behar da... 

Hala ere, ttikitako ametsa egia bihurtu da? 
Bai, dudarik gabe. Telebistan lasterketak ikusten nituenean, edo Euskal Herriko Itzulian errepide bazterrean animatzen aritzen nintzenean, horixe zen nire ametsa. Nahiz eta momentuan ez dudan asko baloratzen, amets hori bizitzen ari naiz eta alde horretatik pribilegiatua sentitzen naiz. 

Euskal txirrindularitza nola ikusten duzu? 
Oso ongi. World Tourreko mailan euskaldun dezente gaude eta herrialde ttiki bat izanda, baloratzeko  modukoa iruditzen zait. Euskal Herrian txirrindularitza oso baloratua den kirola da, jendeak afizio handia du.

2011n herritarrek omenaldia eskaini zioten. Argazkian txapela soinean, lagunekin.

Leitza inguruan bada afiziorik? 
Bai, afizio handia, eta gero eta jende gehiago ibiltzen da bizikletan. Aipatzekoa da Ibai Azurmendi  herritarra Euskadi Fundazioan dabilela. Ez da erraza txirrindularia izatea, baina ea zorte pixka batekin gazteak aurrera ateratzen diren.

Txirrindularitzan segitu nahi duzu? 
Bai, oraingoz bai. Ongi sentitzen naiz, entrenatzea gustatzen zait eta lasterketetan nire burua ongi ikusten dut. Gainera, daramadan bizitza gustatzen zait. Onartu behar dut ibilbidearen bukaeratik hurbilago nagoela hasieratik baino, baina orain gustura nabil eta ikusiko dugu noiz arte segitzen dugun.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun