Berrerabiltze, berreskuratze nahiz zaharberritze tailer irekia eginen dute urriaren 31n Aranon

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 29a, 06:30

Zaborrik sortu gabe erosketak nola egin landu zuten Aranoko aurreneko tailerrean. Argazkia: Ohiana Kalparsoro

Ainhoa Ansa ariko da gidari lanetan ostegunean 18:00etan Maisuenean

Urriaren 10ean hasi zituzten Mendialdea Mankomunitateak Dakienak ez dakienari erakutsi goiburupean antolatutako tailerrak. Zaborrik sortu gabe erosketak nola egin pentsatzeko tailerra egin zuten. Nola antolatu gure erosketak, horretarako prestatuak ez dauden saltokietan? Zer egin daiteke zaborra ekiditeko gure egunerokoan? Izan ziren tailerrean parte hartu zutenak erantzuten saiatu ziren galderetako batzuk.

Gauzei bigarren aukera bat emanez

Hurrengo saioa urriaren 31n izanen dute. Berrerabiltze, berreskuratze nahiz zaharberritze tailer irekia izanen da eta aurrekoan bezalaxe, elkarri erakutsiz, ideiak partekatuz eta jakintza elkarbanatuz  ariko dira tailerrean parte hartuko dutenak. Hondakin izateko zorian dauden altzariak, kristalezko edo plastikozko ontziak, oihal zatiren bat... erabiliko dituzte.

Mendialdea Mankomunitateak antolatutako tailerrak dira eta aurreko tailerrean bezalaxe, Ainhoa Ansa herritarra ariko da gidari lanetan. Maisuenean 18:00etan egin dute hitzordua. Animatu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun