Etxetik lan egiten dutenentzat lantoki bihurtu duten Ganbara inauguratuko dute gaur arratsaldean Aranon

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 11:30
Zortzi lagunentzako lantokia izanen da Aranoko Ganbara.

Aranoko Kontzejuaren eta udal bulegoen gainean dagoen aretoa zortzi lagunentzako lantoki bilakatu dute eta gaur arratsaldean gunea bisitatzeko aukera eskainiko dute. 19:00etan espazioa ezagutzeaz gain, mokadutxoa jan eta Xabier Arratibelen kontzertu akustikoa entzuteko aukera izanen dute hurbiltzen direnek.

Ganbara lantoki bihurtuz, herrian etxetik lan egiten duten pertsonentzako espazio partekatu bat eskaini nahi izan dute. Gisa honetara, hainbat esparrutan ari diren profesionalek jarduera ekonomikoa gune komun batean egiteko aukera izanen dute. Hala, Ganbaran lanerako mahai bat izanen du pertsona bakoitzak, interneterako konexioa, argindarra, berogailua eta komuna, guztia prezio itxi baten barrenean. Espazioa edozeinentzat irekia izanen da eta interesa duenak Udalarekin jarri beharko du harremanetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun