Orreagako Elkarteen Eguna Leitzan ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 24a, 17:30
Agoitzen ospatu zuten pasa den urtean Orreagako Elkartearen Eguna.

2013an antolatuko zuten aurrenekoz Orreagako Elkarteen eguna, Orreaga Fundazioan bilduta dauden Nafarroa osoko hogeita hamar bat elkarte omendu eta festa giroan elkartzeko asmoz. Urtero Nafarroako herri, eskualde edo auzoren batek hartzen du eguna antolatzeko ardura eta aurten Leitzari egokitu zaio. Egitarau potoloa dute prest, goizeko 11etan hasi eta nahi duenak goizaldeko ordu txikiak arte izanen du festarako aukera.

Aurrerako dantzariek egindako aurreskuarekin emanen diete hasiera egunari, 11:00etan plazan. Segidan, hamaiketakoa eginen dute elkarrekin eta 12:00etan kalejira eginen dute txistulari eta euskal kantuak abesten dituen taldeak lagunduta. 13:30ean leitzarrek Andosillako ordezkariei emanen diete Orrega Fundazioaren lekukoa, beraiek izanen baitira heldu den urtean Orreagako Elkarteen Eguna antolatzeko ardura izanen dutenak. 14:30ean herri bazkaria izanen dute Atekabeltzen eta 18:00etan kalejira Leitzako konpartsa eta dultzaineroekin. 23:00etan Eskean Kristo taldeak kontzertua eskainiko du Torrean; sarrera 5 euro ordaindu beharko da.

Duela 21 urte sortu zuten hainbat elkartek Orreaga Fundazioa eta Nafarroako ondare, kultura eta nortasuna sustatzeko helburua dute. 2019ko Orreagako Elkarteen Egunaren antolaketan Leitzako Aurrera Elkartea, Altzadi Leitzako Kultur Elkartea, Atekabeltz Herri-gunea, Torrea Elkartea, Orreaga Fundazioa eta Leitzako Udala aritu dira. Jai-giroa errespetuzko harremanetan garatuz, eraso sexistarik gabeko festaren alde egin dute guztiek. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun