«Denok dugu zer ikasia eta zer erakutsia»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 24a, 11:30
Ainhoa Ansa aranoarrak bigarren tailer bat ere eskainiko du Goizuetan, Aranon, Areson eta Leitzan.

Mendialdea Mankomunitatearen eskutik hondakinen murrizketa eta berrerabilpena indartzeko helburua duten tailerrak antolatu dituzte urrirako eta azarorako. Auzolana eta elkarreragitea dute ardatz eta ongi baino hobeki laburbiltzen du tailerren izenburuak ideia hori: Dakienak ez dakienari erakutsi. Arano, Areso eta Goizuetan egina dute Erosketa ohiturei buruzko tailerra, gaur 18:00etan dute hitzordua Leitzako Udaletxean. Ainhoa Ansa Zugarramurdik eman dizkigu tailerrei buruzko xehetasun guztiak.

Nondik sortu da tailer hauek emateko ideia?

Aurreko legealdiaren amaieran, Mendialdearen izenean, Tokiko Agenda21eko laguntza batera aurkeztu genuen proiektutxo hau. Ingurugiroaren zainketa eta zahartzaro aktiboaren gaia uztartzen zituela iruditu zitzaigun eta hortik sortu zen Dakienak ez dakienari erakutsi izeneko egitasmoa. Aspalditik nerabilkien buruan horrelako ideia bat  eta egitasmo honetan bere lekua aurkitu duela esan daiteke.

Zer da lantzen ari zaretena?

Adineko jendeak daki, gutako askok baino hobeki, gutxirekin edo juxtukoarekin nola bizi daitekeen. Egoerak behartuta, halabeharrez, batez ere haurtzaroan edota gaztaroan egoera hori askok bizi izan dutelako. Gaur egun, 'zer ikusi, hura nahi' baldintzarekin bizitzen ikasten dugu, baina gure kontsumo ohiturek ondorio nabarmenak dituzte ingurumenean. Horretan pentsaraztea da tailerraren helburua, batez ere zaborren murrizketan begirada jarriz

«Tarte entretenigarri bat pasatzera animatzeko eskatuko nioke zalantzan dagoenari. Gure inguruak eskertuko digu zabor gutxiago sortzea».

Elkarri erakustearen garrantzia azpimarratu duzue...

Bai uste dugu adineko jendeak, baina baita kontsumo ohituren inguruan pentsatzen hasia den jende askok ere, baduela zer erakutsia zaborrak murrizteaz behin ere pentsatzen jarri ez denari.

Arano, Areso eta Goizuetan egin dituzue aurreneko tailerrak. Zeintzuk izan dira bertan atera diren ideiak?

Batzuk pentsatzen hasiak dira gai honi buruz, baina beste asko nondik hasi jakin ezinda dabiltza. Ideia interesgarriak jaso dira baina oraindik tailer guztiak bukatu arte ez ditut txosten batean bilduko. Bukaeran zerbait interesgarria sortu daitekeela esango nuke.

Ohiturak aldatzeko premia handia dago?

Bai, honetan eta beste gauza askotan. Beti dago zer hobetua, eta zaborren murrizketan ere, zer, non, noiz, nola...erosi bi aldiz pentsatzea guztiok egin beharreko ariketa da.

Lehenbiziko tailerren ondotik, bigarren tailerra dator. Zer da bertan landuko duzuena?

Bigarren tailerra berrerabilpenaren edo zaharberritzearen bueltan izanen da, eta tailer edo laborategi esperimentala izango da. Etxean zabor izateko puntuan dagoen zerbait ekarri beharko du datorrenak, bigarren bizitza bat emateko helburuarekin. Dakienak ez dakienari erakustea denez tailerren goiburua, eskulanean edota gauzen konponketan eskua duen jendea tailerretara animatzea espero dut, eta etxean zerbait konpondu edo berreskuratzeko gogoa duena ere bai. Horrela denen artean saiatuko gara berrerabilpenaren ariketa egiten, zabortegietara edo garbigunera buelta gutxiago egiteko. Denok dugu zer erakutsi eta zer ikasi aldi berean. Hori da tailerrak azaleratu nahi duena; zerbait egiten ez badakizu, galdetu eta norbait izanen dela inguruan laguntza ematera aurreratuko dena.

Nolakoa izan da jendearen erantzuna?

Herri bakoitza desberdina izan da. Orokorrean gustura nago lehen tailerrak izan duen erantzunarekin, baina jakitun naiz tailer ezezaguna bezain berria dela eta jendeak ez duela hasieratik jakin zer espero honetatik.

Zein da zabaldu nahiko zenukeen mezua?

Tailer oso lagunartekoak sortu nahi izan direla eta tarte entretenigarri bat pasatzera animatzeko eskatuko nioke zalantzan dagoenari. Gure inguruak eskertuko digu zabor gutxiago sortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun