Garagardo festa eginen dute larunbat honetan Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 19:00

21:30etik aurrera, hemezortzi euroren truke afari bikaina dastatu eta bost garagardo klase edateko aukera izanen dute Umore Ona elkartean. Herritar talde baten ekimenez eta Umore Ona Elkartearen babesarekin antolatu dute.

Edan aurretik, tripa betetzea komeni dela esaten dutenez,  garagardo festaren aitzakian, bapo afaltzeko aukera eskainiko dute larunbat honetan Goizuetako Umore Ona elkartean: entsalada, saltxitxak patata purearekin, zerri sahieskia labean erreta, postrea, kafea eta kopa. Bi txartel klase jarriko dituzte aukeran. 18 euro ordaintzen dituztenek, menuaz gozatzearekin batera, bost zerbeza mota edateko aukera izanen dute (Otsailen,  Franciscaner, Leffe Blonde, Ago eta Oharas). Festan parte hartu baina garagardoa edan nahi ez dutenentzat, berriz, 10 euroko txartelak ere jarriko dituzte salgai.  Menuaz gozatu eta edateko sagardoa, ardoa edo ura izanen dute aukeran.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun