Leitzako herri-aretoaren izena erabakitzeko herritarren iritzia bildu nahi dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 15:15
Leitzako zinema zaharra eraberritu eta erabilera anitzeko aretoa izanen dute 2020an.

Leitzako herri-aretoko lanak aurrera doaz ttirriki-ttarraka eta 2020an irekitzea aurreikusten dute. Aretoaren izana denborak eta erabilerak zehaztuko du, baina izena erabakitzeko garaia da. Horretarako, Udalak herritarrei egin die galdea eta Meaka, Arigunea, Arizpe eta Herri Aretoa izenen artean egin beharko dute aukeraketa. Botoa internet bidez eman daiteke urriaren 31ra arte.

Udaleko ordezkariek proposatutako izen bakoitzaren inguruko azalpenak eman dituzte:

1.- MEAKA

Aio, Leitze hiztegiaren arabera bidegurutzea edo antzeko esanahi bat izan lezake hitz honek. Hori da Joxemari Azpirozek 1982an Euskera aldizkarian idatzitako artikuluak dioena. Patziku Perurenak, berriz, beste jatorri bat bilatzen dio hitzari, mehe hitzarekin lotua. Eta Leitzako toponimia ofiziala jasotzen duen liburuan, bestalde, 'desfiladero, collado, camino sobre crestas estrechas', esanahia ematen zaio. Herri aretoak izen hori hartzekotan, lehendabiziko esanahi hori ontzat emanda izan beharko litzateke, alegia, herrigintzan elkartzen diren eragileen edo pertsonen bideak elkartzen diren tokia izanen litzateke, eta hori izanen litzateke Meaka izenaren zentzua.

2.- ARIGUNEA

Aritzeko gunea, hain zuzen ere. Ari izateari ematen dio garrantzia proposamen honek, herri aretoak jarduerarako gunea, aritzeko gunea, izan behar duelako. Molde eta izaera ezberdineko hainbat jarduera eta ekintzeratako gunea izanen da herri-aretoa, ariko diren eragileentzako espazioa eta gunea izanen da, nork bere jarduerak eta ekintzak gauzatzeko gunea, eta horri erantzun nahi dio izen honek. Arigunea hitza, bestalde, Euskaraldiaren 2. edizioan garrantzitsu bihurtuko da, bere ikur eta guzti, norbanakoak inplikatzeaz gainera entitateetan “arigune” izeneko espazioak sortu nahi dituelako. Lotura zuzenik gabeko izendapenak dira, eta Euskaraldiak hitz hori erabiltzeak ez du oztopo izan behar Leitzako herri aretoak ere izen berdina izan dezan, baina jakin behar da Euskaraldiak hitz hori zabalduko duela, bere ekimenaren testuinguruan.

3.- ARIZPE

Leitzako toki-izen bat da, Labate mendiaren eta Ezkurrako mugaren inguruan kokatua. Haritzak, jakina, Leitzan esanahi handia dauka, pagoarekin batera arbolarik ugarienetakoa delako eta, bestalde, herriko armarriak berak ere haritz bat daukalako. Haritza, horrenbestez, elementu garrantzitsua da Leitzako herriaren izaeran eta irudian. Arizpe izenak haritzaren azpian, beheko aldean, kokatuta egotea adieraz lezake, nolabait esateko. Haritza, kasu honetan, herria bera izanen litzateke, Leitza, eta herri aretoa herri horren itzalean, babesean, egonen litzateke, hori izanen litzateke izendapen honen esanahia.

4.- HERRI ARETOA

Kasu honetan, izen propiorik erabili gabe, herri-aretoaren ideiak berak eta izanak hartuko luke garrantzia, azpimarra nolabait herri-aretoaren izaeran jarrita. Alegia, izen honek azpimarratu eta indartuko lukeena da eraikina herriarena dela eta herriarentzako areto bat dela, herriak eta herritarrek erabiltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun