Inguruarteri buruzko hainbat proposamen bildu ditu Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 10:30
Leitzako herrigunetik Uitzirako bidean, erreka aldamenean dagoen 5.000 metro karratuko azalera duen eremua da Inguruarte.

119 lagunen iritziak jaso dituzte eta kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako proposamenak nagusitu dira

Udalak Inguruarte eraldatzeko eta egokitzeko laguntza jaso dezake LGP-PDR izeneko programa batetik. Aukera ona dela ikusita, herritarrei hitza eman eta espazioa zertarako erabiliko ote luketen galdegin nahi izan diete. Horretarako, bilera deitu zuten urriaren 14an eta bertara joan ez zirenei ere proposamenak egiteko aukera eman zieten urriaren 17ra arte: internet bidez edo Anikoten galdetegiak beteta. Erleta Eskolako 5. eta 6. mailako ikasleek ere gaiaren lanketa berezia egin dute.

Kirola eta aisialdiarekin lotutakoak nagusi
119 proposmen bildu dituzte, 75 emakume eta 44 gizonek eginak eta horietatik 95ek (%80ak, alegia) 10 eta 39 urte artean dituzte. Mota guztietako proposamenak bildu dituzte, baina, interes handiena piztu duten aukerak, kirolarekin eta aisialdiarekin lotuta daudela jakinarazi du Udalak. Izan ere, gehien errepikatu direnak  pump-track  edo skate-park  bat egin (59 aldiz aipatua), tirolina muntatu (35 aldiz) eta egoteko leku bat jartzea: mahaiak, barbakoa, zuhaitzak, iturria, komuna... dituena (34 aldiz) izan dira. Bidea moldatu, argitu edo, bide-gorri bihurtzearen alde egin dute 20 herritarrek. 

10 eta 39 urte artekoa da iritzia eman dutenen %80a

Hurrengo pausoak
Udalak proposamen guztien artetik hautaketa bat eginen du; gehien errepikatzen direnak eta bideragarriak direnak bereiziz. Gero, herritarren proposamenekin Udalak osatutako zerrenda hori aditu bati emanen diote, paisajista edo arkitekto bati, horiekin proposamen bat egin dezan. Gero proiektua herritarrei aurkeztuko diete, Udalak diru-laguntza eskatuko du LGP-PDRko programaren barruan eta bukatzeko, proposamena gauzatu eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun