'Zahartzaroan ere osasuntsu' tailerrak urri bukaeran eginen dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 17a, 14:00
Zahartzaroan ariketa fisikoaren garrantziaz ariko dira. Argazkian, Arkupeak mendi taldekoak iaz Leitzan egindako mendi-irteeraren hasieran.

Gazteleraz izanen dira lantegiak jubilatuen egoitzan, dohainik, baina, aurrez izena ematea beharrezkoa da 

60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako lantegiak antolatu dituzte Leitzan urri bukaerarako. Zehazki, urriaren 22an, 24an, 29an eta 31n izanen dira lantegiak. Jubilatuen egoitzan bilduko dira 16:30etik 18:30era.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «parte-hartzaileek gure bizipenez mintzatzeko, gure ezaupideak zabaltzeko, eztabaidatzeko, kasuak aztertzeko, ariketak egiteko, etab. Alderdi batzuk talde txikietan landuko ditugu, eta beste batzuk guztiok elkarrekin».

Adinekoen eskola lantegien baitan eginen dituzte tailerrak eta zahartzaroan ere osasuntsu egoteko hainbat arlo landuko dituzte:

Urriaren 22ko saioan, zahartzearekin loturiko egoerez eta bizipenez solastuko dute.  Ariketa fisikoaren garrantziaz hitz egin eta zahartze prozesua zertan datzan eta zer aldaketa dakartzan landuko dute.

Urriaren 24an, gorputzaren zaintzaren gainean jarriko dute arreta: eragiten diguten faktoreak, geure burua zaintzeko erak, gorputza zaintzea....

Urriaren 29an, gure gogoa eta gure emozioak zaintzearen garrantziaz ariko dira. Norbere burua zaintzeko irtenbideak eta neurri horiek egiaz hartzeko gaitasunak garatzeko aholkuak jasoko dituzte bertaratzen direnek.

Urriaren 31ko saioan  gure harremanez eta ingurua zaintzeaz eta haiek hobetzeko aukerabideak aztertzeaz ariko dira eta norberaren plana osatuko dute.

Antolatzaileek lau saioetara joatea gomendatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun