A-15 autobidea bi noranzkoetan itxiko dute asteburu honetan ere

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 16:17
San Lorentzo-Larre tunelean segurtasun ekipamenduaren kontrol sistema berria instalatzen ari dira.

A-15 errepidean San Lorentzo-Larre tunelean egiten ari diren egokitzapen-lanak tarteko, errepidea bi noranzkoetan itxiko dute. Egun eta erdiz iraunen du errepide-mozketak; larunbatean 14:00etan itxi eta igande iluntzera arte, 20:00ak arte, ez baitute irekiko.

Andoaingo bidean, Berastegiko irteeran itxiko dute autobidea eta Iruñeko bidean, berriz, Sorabillako loturan, Andoaingo irteeran. Horren ondorioz, gidariek beste ibilbide batzuk erabili beharko dituzte Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lotura egiteko.

Andoaingo noranzkoan doazen ibilgailuek Berastegiko irteeran atera eta GI-2130 errepidean barna, Elduaiendik, Berrobitik eta Ibarratik pasaz Tolosaraino joan beharko dute, eta han N-1 errepidean sartu. 

Iruñeko noranzkoan doazenek, Sorabillako lotura itxita egonen denez, N1 errepidean barna Gasteizko noranzkoan segi, Tolosako irteeran atera eta GI-2130 errepide hartu beharko dute. Berastegi parean izanen dute atzera A-15era sartzeko aukera. Lekunberrira joan nahi dutenek, GI-2135 errepidea ere izanen dute aukeran.

Ibilbide luzeetarako, N1 errepidean Altsasuraino joatea gomendatu diete gidariei, handik A10 errepidea (Sakanako autobidea) hartuta Irurtzunera joateko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun