Alkohol tasa bikoiztuta A-15ean auto-istripua izan zuen auto-gidari bat absolbitu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 10:32

2018ko azaroaren 18an A-15 autobidean, Leitza parean, auto-gidari bat bidetik atera zen eta bazterreko babesa jo zuen. Positibo eman zuen poliziek egindako alkoholemia proban (0,54 mg aurreneko proban eta 0,49 bigarrenean). Arlo-penaleko epaileak 2.100 euroko isuna ordaintzera kondenatu zuen gidaria eta urte eta hiru hilabetez gidabaimena kendu zioten. Orain, ordea, Probintzia-Auzitegiak gibelera bota du kondena, ezin delako zalantzarik gabe frogatu istripuaren eta alkoholaren eraginpean gidatu izanaren arteko lotura zuzena izan zenik.

Nafarroako Probintzia-Auzitegiak auto-gidariak aurkeztutako errekurtsoa aintzat hartu eta atzera bota du hasierako kondena. Auto-gidariak lo hartu zuela onartu zuen bere deklarazioan eta bazterreko babesaren kontra hartutako kolpearen ondorioz esnatu zela.  Alkohol-tasa bikoiztu bazuen ere, azaldu zuen orduak zeramatzala edan gabe, bezperan 22:00etatik 00:30era bitartean edan zuela baina gerora ez zuela alkohol tantarik probatu. Arlo-penaleko epaileak deklarazio hauek nahikoak zirela uste izan zuen gidaria zigortzeko.

Probintzia-Auzitegiko epaileak, baina, bertzelako irizpideak izan ditu kontuan. Gidariaren alkohol-tasa 0,6 mg baino baxuagoa izan zenez, beharrezkotzat jo du alkoholaren eraginpean egoteak gidariaren gidatzeko gaitasunean eragin zuela errateko zalantza izpirik ere ez egotea. Alkohol usaina, begi dizdiratsuak eta logura begi-bistakoak izan arren, argi hitz egin eta mugimenduak ongi koordinatzen zituela jaso zuten atestatuan poliziek. Hori horrela, istripua alkoholaren eraginez gertatu beharrean nekearen ondorio izan zitekeen. Zalantza horrek absolbitzeko erabakia hartzera eraman du epailea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun