Leitzako Udalak urriaren 17ra arte bilduko ditu Inguruarte eraldatzeko proposamenak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 15a, 12:20
Leitzako herrigunetik Uitzirako bidean, erreka aldamenean dago Inguruarte izenez ezagutzen den eremua.

Leitzako Udalak Inguruarte eraldatzeko eta egokitzeko laguntza jaso dezake LGP-PDR izeneko programa batetik. Aukera ona dela ikusita, herritarrei hitza eman eta espazioa zertarako erabiliko ote luketen galdegin nahi izan die Udalak. Atzo, urriak 14, egin zuten herritarrekin lehenbiziko bilera, baina, bertara joan ez zirenek ere izanen dute urriaren 17ra arte proposamenak bidaltzeko aukera: galdetegiak online edo Kiroldegian beteta.

Udalak proposamen guztien artetik hautaketa bat eginen du; gehien errepikatzen direnak eta bideragarriak direnak bereiziz. Gero, herritarren proposamenekin Udalak osatutako zerrenda hori aditu bati emanen diote, paisajista edo arkitekto bati, horiekin proposamen bat egin dezan. Gero proiektua herritarrei aurkeztuko diete, Udalak diru-laguntza eskatuko du LGP-PDRko programaren barruan eta bukatzeko, proposamena gauzatu eginen da.

Leitzako herrigunetik Uitzirako bidean, erreka aldamenean dago Inguruarte. Kokapen hori eta dituen ezaugarriak kontuan izanda, proposamenek baldintza batzuk bete beharko dituzte: muga ekonomikoa izanen da aurrenekoa, Udalak dituen eta eskuratzen dituen baliabide ekonomikoak gainditzen dituzten proposamenak ezinen dira-eta gauzatu (gehienez ere 100.000 euroko aurrekontua aurreikusten dute). Inguruartek dituen berezko ezaugarriak ere aintzakotzat hartuko dituzte: eurite edo uholdeetan urak inguru hori har dezakeenez, bertan lo egin ahal izatea aurreikusten duten proposamenak ere ez dituzte onartuko: autokarabanentzako gunea, kanpinak… Denera, 5.000 m2-ko azalera baterako egin daiteke proposamena eta errekan ezin da dragatze-lanik egin. Bertan dagoen heliportua kendu eginen dutela ere aurreratu du Udalak eta berreskuratu eta egokitzeko lanak 2021erako bukatu behar dituztela ere zehaztu dute.

Herritar ugarik parte hartu zuen, urriaren 14an, Inguruarteri buruz Udalak antolatutako bileran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun