Leitza, Arano, Areso eta Goizuetan jubilotekako monitore izateko lan-eskaintza egin dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 15a, 09:00

Curriculumak urriaren 21a baino lehenago aurkeztu behar dira

Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko jubiloteka zerbitzuaz arduratuko den monitorea kontratatatzeko lan-eskaintza argitaratu du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Aldi baterako kontratua izanen da, astean lau egunez, 10:00etatik 13:00etara eta C mailako lanpostua izanen da. Berehala hasi beharko du lanean.

Euskararen ezagutza ezinbestekoa izanen da eta hautagaiek gida-baimena eta Batxilergoko titulazioa, bigarren mailako lanbide-heziketa edo baliokidea eduki beharko dute. Oposizio-lehiaketa bidez eginen dute aukeraketa eta horretarako hautagaiek jubiloteka proiektua egin eta aurkeztu beharko dute.

Kontuan hartuko dute, lanpostuarekin erlazioa duten ikasketak izatea (psikologia, hezitzailea, gizarte-lana, pedagogia, animatzaile sozio-kulturala, erizaintza, erizaintzako laguntzailea, gizarteratze-teknikaria...) baita orain arteko lan-esperientzia ere (etxez etxeko zerbitzuan, erresidentzian, jubilotekan, hirugarren adineko zentroetan...).

Lan-eskariak Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aurkeztu behar dira, urriaren 21eko 13:30 baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun