'Dakienak ez dakienari erakutsi' tailerra urriaren 17an egingo dute Areson

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 15a, 06:30

Hondakinak murrizteko jendearen ohiturak aldatzea da saio hauen helburua. Argazkian, Leitzako Garbigunearen inaugurazioa, iaz.

Hondakin kopurua murrizteko jendearen ohiturak aldaraztea da saio hauen helburua

Hondakinen murrizketa eta berrerabilpena indartzeko asmoz, Dakienak ez dakienari erakutsi tailerrak egingo dituzte Areson. Mendialdea Mankomunitateak antolatu ditu eta bi saio izango dira, lehenbizikoa urriaren 17an, ostegunean.

Hondakinak hondakin izan aurretik, jendearen ohiturak aldaraztea da helburua. Auzolanean oinarrituko dira eta tailerraren izenburuak argi dion moduan, dakienak ez dakienari erakutsiz,  elkarrekin ikastea da asmoa. Batzuen eta besteen bizipenak eta ideiak  bildu nahi dituzte eta guztien artean eskulan edo tailer praktikoari eskainiko diote denbora tarte handiena.

Lehendabiziko saioan, plastikoen erabilera murrizteko irtenbideak bilatzea izango da helburua. Erosketak plastikorik sortu gabe nola egin, nola antolatu gure erosketak horretarako prestatuak ez dauden saltokietan eta egunerokoan plastikoa ekiditeko zer egin daitekeen landuko dute.

 

Bigarren saioa aurrerago

Aurrerago bigarren saio bat ere egingo dute eta xehetasunak lehendabiziko saioan adostuko dituzte denen artean. Oinarrian berrerabiltze, berreskuratze eta zaharberritze tailer irekia izango da. Hala, etxean hondakin izateko zorian dauden zerbaiti aukera berri bat ematen saiatuko dira, elkarri lagunduz eta bakoitzak duen jakintza besteekin konpartituz. Altzari txikiren bat, kartoizko, kristalezko, plastikozko zerbait, ohial zatiren bat, olio zikina... berrerabiliz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun